Debabarreneko gazteek ez dute eskualdeko industria ezagutzen

2019-03-27 Iruzkinik ez

Gaur asteazkena, hilak 27, zabaldu ditu ateak Armeria Eskolako patioan ABIAN Debabarreneko Lanbide Heziketa Azokaren IV. edizioak. Irekiera ekitaldian Lanbide Heziketa kalitatezko prestakuntza gisa balioetsi da, etengabe eguneratzen ari dena, enpresen beharretara egokitutakoa, eta ikasleei lan-merkatuan sartzeko aukera ematen diena.

Ekitaldian, hitza hartu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuruk, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuorde Marcos Murok, SD Eibar Fundazioko presidenteorde Mikel Larrañagak eta Eibarko alkate Miguel de los Toyosek. (*Ikusi argazki galeria: https://flic.kr/s/aHsmCmadcy)

Erakundeetako ordezkariek ABIAN Azokan parte hartzen ari diren LHko zortzi ikastetxeen erakustokiak banan-banan bisitatu dituzte; bertan Debabarreneko eskaintza zabala ikusi eta ezagutu ahal izango da Lanbide Heziketako ikasleen eskutik.

Ekitaldiak, halaber, “STEM arloko ikasketen eta lanbideen inguruan Debabarreneko gazteen pertzepzioa” zein den jakiteko Debegesa Garapen Agentziak eta Elhuyarrek egindako ikerketaren emaitzak eta ondorio nagusiak azaltzeko balio izan du.

Debabarreneko 14 eta 15 urteko ia 550 ikaslek parte hartu dute ikerketan, galdetegi bati erantzunez; interesatzen zaizkien ikasgaiak zeintzuk diren, eskualdeko industriaz zer iritzi duten edota etorkizunean zer lanbidetan lan egitea gustatuko litzaiekeen galdetu zaie, besteak beste. Ikerketa burutzerako orduan genero ikuspegia txertatu da analisian.

Galdetegiari erantzun dioten gazte gehienek diote ez dutela eskualdeko industria ezagutzen eta eskualdeko industrian lan egiteak ere ez die bereziki erakartzen. Halere, badira eskualdeko industria eta lana gauza positiboekin lotzen duten hainbat gazte, neskak zein mutilak. Etorkizunean STEM arloan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) lan egiteari dagokionez, neskek eta mutilek gaitasun-maila berdintsua hautematen dute; baina mutilek gehiago ikusten dute beren burua sektore horretan lanean.

Era berean, ikerketak agerian utzi duenez, genero-estereotipo tradizionalek gazteen interesetan eragina dute: neskek gai ezberdin askotan dute interes handia eta mutilak, aldiz, kirolean eta zientzia eta teknologian zentratzen dira. Neskei gehien interesatzen zaizkien gaien artean daude gai sozialak (%51,37), kirolak (%46,67), eta medikuntza eta osasuna (%46,66). Mutilen kasuan, berriz, kirolen inguruko interesa da nagusi (%78,68), eta zientzia eta teknologiaren ingurukoa, bigarren (%56,25).

STEM ikasgaiekiko interes maila baxua da oro har. Mutilek teknologian (6,60) eta informatikan (6,48) interes handia dute; neskek, aldiz, biologian (5,42).

Ikerketaren arabera, genero-estereotipoek indarra dute baita etorkizuneko lanbideak hautatzerakoan ere. Mutilek kirola eta ingeniaria edo asmatzailea hautatzen dute gehienbat; eta neskek, ordea, enpresa edo osasun zientziei lotutako gaiak.

Ikerketa lan hau Debegesa Garapen Agentziak abiarazi duen “Debabarrena STEM” deritzon egitasmoaren baitan kokatzen da. Debabarreneko gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzera bideratuta dago egitasmoa, bereziki neskatilen artean. Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du, Etorkizuna Eraikiz programaren bidez.

 

Hiru eguneko azoka, Eibarko Armeria Eskolako patioan

Gaurtik ostiralera bitartean, hilak 29, Debabarreneko zortzi LHko ikastetxeen eskaintza osoa espazio bakar batean ikusteko eta ezagutzeko aukera egongo da. Parte hartuko duten ikastetxeak, honako hauek dira: Armeria Eskola, IMH Makina Erramintaren Institutua, Meka Lanbide Eskola, Kardala Akuakultura Eskola, Mutrikuko Institutua, Uni Eibar-Ermua, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutua eta Ermua-Mallabiako Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutua.

ABIAN azokara hurbiltzen direnek eskualdeko prestakuntza-eskaintza zabala eta eskura dauden titulazio ezberdinak bertatik bertara ikusteko eta ezagutzeko aukera izango dute. Egun, Debabarrenean 45 bat heziketa ziklo eskaintzen dira, arlo profesional ezberdinetara egokitutako eduki teorikoekin eta praktikoekin, horien artean, LH Duala, laneratze maila handia duena eta enpresek oso estimatua dutena.

ABIAN azokak iraungo duen hiru egunetan, eskualdeko DBHko eta Batxilergoko ikasleen bisitak izango dira; 700 ikasletik gora igaroko dira bertatik, etorkizun hurbilean zer ikasketa egin erabakitzeko informazio osoa izan dezaten.

Ikasleez gainera, publiko orokorrak ere zabalik izango ditu azokako ateak gaurtik ostiralera bitartean (gurasoak, orientatzaileak, langabezia egoeran dauden pertsonak…). Era berean, ABIAN azokak hitzaldiak eta tailerrak ere eskainiko ditu, irekiak eta doakoak, interesa duten herritar guztiei zuzenduta. Egitaraua www.debegesa.eus webgunean kontsulta daiteke.

ABIAN azoka bi urtetik behin egiten da, Debabarreneko Udalek, Debegesa garapen agentziaren bitartez, eta eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxe guztiek elkarlanean antolatuta. Egitasmoaren helburu nagusia da kalitatezkoa den eta lan-merkatuaren beharretara egokitzen den lanbide heziketa gerturatzea eta izen ona lortzen laguntzea.

Azokak, beste behin, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Sailaren eta SD Eibar Fundazioaren laguntza ekonomikoa jaso du.

Halaber, eskualdeko 13 enpresa industrialek ekimenarekin bat egin dute, Lanbide Heziketaren sustapenean euren konpromisoa eta lankidetza erakutsiz. Enpresa laguntzaile dira: Alcorta, Bronymec, DanobatGroup, Egile, EPC, Grupo Unceta, Haizelur, HRE Hidraulic, IK4-Tekniker, Industrias Mail, MEK Group, Sitab eta Urkotronik.