Debabarreneko ikasleek euren ametsetako hiria irudikatu dute
Debegesaren helburuetako bat da Eskolako Agenda 21 programaren bidez eskualdeko ikastetxeen parte-hartze aktiboa sustatzea, ikastetxe zein herri jasangarriagoak lortze aldera aldaketak eragiteko helburuarekin. Urtero gai bat lantzen dute ikastetxeetan eta aurten mugikortasuna dute ikasleek aztergai.
Era berean, Gure Balioak ekimenaren baitan, eskualdean lau gizarte-balio sustatzen dihardu Debegesak, errespetua, lankidetza-elkarlana, integritatea eta gaitasun ekintzailea, Debabarreneko garapen jasangarrirako beharrezko jotzen diren gizarte-balioak.
Testuinguru honetan abiatu du Debabarreneko garapen agentziak “AMESTU ZURE HERRIA. Zein herri mota eraiki nahi dugu?” lehiaketa. Lehiaketa bi kategoriatan banatuta dago, adinaren arabera, eta ikasleek taldeka parte har dezakete mural edo horma-irudiak eta bideoak bidaliz, amesten duten herri edo hiri ideala irudikatuz.
Jasotako lehen lanak dagoeneko ikusgai daude www.gurebalioak.com atarian, “Lehiaketa” atalean. Bertan neska-mutikoek kerik gabeko hiriak irudikatu dituzte, garbiagoak eta pertsona guztientzako seguruagoak.
Epaimahai herrikoia
Muralak eta bideoak bidaltzeko epea apirilaren 30ean amaituko da. Hortik aurrera, bi asteko epea izango dute herritarrek gustuko lanen aldeko bozka emateko, maiatzaren 14ra arte.
Izan ere, edonork eman ahal izango du botoa, epaimahaia herrikoia izango baita. Pertsona bakoitzak boto bat eman ahal izango du, kategoria bakoitzeko, horretarako www.gurebalioak.com atarian egokitutako atalean.
Irabazleen izenak maiatzaren 15ean emango dira ezagutzera. Sari gisa, 2 talde irabazleek Euskal Kostaldeko Geoparkeaz gozatzeko ibilaldi bana eskuratuko dute. Gaztetxoenek, Mutrikuko Nautilus interpretazio zentroa bisitatu ostean, ibilaldia egingo dute txalupan flysch beltza ezagutzeko. Helduek, Deba ibaian kayak irteera egiteko aukera izango dute.