Debabarreneko Lanbide Heziketa, sendo

2014-02-27 Iruzkinik ez

Debabarreneko Lanbide Heziketako ikastetxeetan ikasle kopuruak gora egin du ikasturte honetan, hain zuzen, % 15 egin du gora, aurreko ikasturtearekin alderatuz. Datu honek agerian uzten du eskualdeko Lanbide Heziketaren kalitate bikaina, eta lan merkatuaren beharretara egokituta dagoela, bereziki krisi ekonomikoa bizi dugun honetan.

Lanbide Heziketak, gero eta gehiago, enpresen beharrizanei erantzuten die. Horregatik, LHko titulazioek gero eta eskaera handiagoa dute. Honen erakusgarri da hurrengo datu esanguratsua: 2013an EAEn enplegu-eskatzaileen kopurua jaitsi egin zen, 1.709 pertsona gutxiago; eta horietatik, % 70ek Lanbide Heziketa ikasketak zituzten.

Gure Lanbide Heziketak erantzun dinamiko eta berritzailea eskaintzen die enpresei, ikasketetan metodologia berritzaileak ezarriz, hala nola, proiektuetan oinarritutako prestakuntza, eleaniztasuna (euskara, gaztelania, ingelesa), ekintzailetasun eta barne-ekintzailetasun ekimenak, eta prestakuntza duala; azken honek enpresak sartzen ditu ikasleen prestakuntzaren prozesuan, eta ikasleentzat eredu erakargarria bihurtzen da laneratzea progresiboki eta zuzenki ahalbideratzen baitie.

Gainera, Debabarreneko Lanbide Heziketak espezialitate eskaintza zabala du oso. Egun, 40 ziklo formatibo inguru eskaintzen dira gure eskualdean, eduki teoriko zein praktikoekin, lan arlo desberdinetara egokituak.  


#ABIAN azoka bi urterik behin egingo da

2013ko martxoan burutu zen Debabarreneko I. Lanbide Heziketa Azoka, ABIAN, Debegesa garapenerako elkartearen koordinaziopean antolatuta, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. ABIAN azokak helburu bikoitza zuen: batetik, eskualdeko eskaintza formatiboa aurkeztea eta, bestetik, Lanbide Heziketa lan merkatuaren beharrizanei ondoen egokitutako ikasketa gisa nabarmentzea, Lanbide Heziketaren eta enpleguaren arteko lotura erakustea, alegia.

Ekimenak iraun zuen hiru egunetan, ABIAN azokak eskualdeko bigarren hezkuntzako 600 bat ikasle jaso zituen, baita hainbat guraso, orientatzaile eta formatzaile, langile aktibo eta langabe eta oro har, Lanbide Heziketan interesa zuten herritar ugari ere.  

Debabarreneko Lanbide Heziketaren Mahaiak oso modu positiboan baloratu du ABIAN azoka, ezarritako helburuak bete egin direlako. Debabarreneko LH Mahaia osatzen duten zentroak honako hauek dira: Armeria Eskola, Elgoibarko Makina Erremintaren Institutua, Meka GLHBI, Uni Eibar-Ermua BHI, Mutriku BHI, Debako Arte Eskola, PCPI Eibar eta PCPI Ermua-Mallabia.

Lanbide Heziketaren Mahaiak hala erabakita, ABIAN azoka bi urterik behin egingo da, beraz, hurrengo edizioa 2015ean burutuko da. 

 

Debabarreneko Lanbide Heziketa Bai Industriari! estrategiarekin lerrokatuta

Debegesa garapenerako elkarteak bultzatzen duen Bai Industriari! egitasmoaren baitan, Debabarreneko Udalek, Lanbide Heziketako ikastetxeek, Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolek eta industria arloko enpresek elkarlanean dihardute, eskualdean gazteen lan-merkaturatzea erraztea helburu.

Ekimen honen helburua da DBH eta Batxilergoko ikasleei Debabarreneko Industria gerturatzea eta, besteak beste, eskatzen dituen lanpostuak zeintzuk diren azaltzea. Horretarako, Debegesak 2008. urteaz geroztik hainbat jarduera burutzen ditu bigarren hezkuntzako ikastetxeetan, hala nola, enpresetara bisitak, ekintzailetzari buruzko tailerrak, etb.

 

– Ate Irekien Jardunaldiak Debabarreneko Lanbide Heziketako ikastetxeetan