Debabarreneko turismo eskaintza Sevatur turismo azokan
Debegesa, Debabarreneko garapen Ekonomikorako Elkartea, Turismo Departamentuaren eskutik, Sevatur Azokan egongo da asteburuan. Azoka martxoaren 16tik 18ra bitartean burutuko da Donostiako Kursaal Jauregian eta bertan Debabarrena Turismok eskualdeko eskaintza turistikoaren berri emango die bisitariei, zonaldeko turismo-jarduera dinamizatu eta sustatu asmoz.
Gipuzkoako standean kokaturik, Debabarrenak bertako leku interesgarrienei buruzko informazioa zabaltzea izango du helburu, eskualdeko BTT zentroa, museoak, jatetxeak, zerbitzu eta jarduera turistikoak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak aurten dakartzan berrikuntzak.
Deba, Mutriku eta Zumaiako udalerriek osatuta, Euskal Kostaldeko Geoparkeak asteburuan hasiko du bere denboraldi berria eta Sevaturren aurkeztuko du urte osoko jarduera eta bisita gidatuen programa, berrikuntza ugarirekin. Berrikuntza hauek guztiak informazio-liburuxka berri batean bildu eta argitaratu dira.
Halaber, eskualdeko eskaintzaren artean, orain gutxi abiatutako Artzai Txikiak esperientzia berriak toki nabarmena izango du. Ekimen honi esker, bisitariak euskal baserriaren mundura murgilduko dira eta familia osoak izango du gozatzeko aukera antzinako baserriko bizimoduan lantzen ziren ofizioak gogora ekarriz.
Sevatur, Donostiako Turismoaren eta Aisiaren Nazioarteko Azoka
Urtero 65 erakusmahai inguru biltzen ditu Sevatur azokak, horien artean, turismoaren inguruko erakunde publikoak, garraio-enpresak, ostatuak, handizkariak, touroperadoreak, bidaia-agentziak, turismo aktibo eta abentura-kirolen enpresak, parke tematikoak eta hedabideak.
Sevatur guneak 7.000 metro koadroko azalera hartuko du, eta aurreikuspenen arabera, 18.000 bisitari inguru jasoko ditu. Labur esanda, jomuga turistiko ezberdinen aisialdi eta kultura eskaintzaren berri izateko txoko bikaina da.
Azoka, ostiraletik igandera bitartean, goizeko 10.30etatik 14:30era eta arratsaldeko 16:00etatik 20.30era egongo da zabalik.