Debabarreneko Udalek, Debegesaren bitartez, Energia Jasangarrirako Plana burutuko dute
Debabarreneko Garapen Jasangarrirako 2020. urtera arteko Estrategiak jasotzen duen bezala, Debabarreneko ingurumen eta ekonomia arloko erronka nagusietariko bat kudeaketa energetikoa da.
Erronka honen baitan, Debabarreneko Udalek, Debegesa garapen agentziaren bitartez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, parte-hartze prozesu bat martxan jartzea erabaki dute, eskualdeko Energia Jasangarrirako Plana burutze aldera. Energiaren kudeaketa hobetu asmo du Plan honek, energia berriztagarrien erabilera eta eraginkortasun energetikoa sustatu, eta, bide batez, energiaren kontsumoa eta honi dagokion gastu ekonomikoa murriztu eta berotegi efektuko gasak gutxitu. Aldi berean, Plana talentuaren eta enpleguaren sustapenera bideratuta egongo da.
Hain zuzen, Plan honen helburu nagusia da Debabarreneko udalerrietan energiaren egoera hobetzeko estrategia bateratua ezartzea.
Estrategia hau, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Energiaren Planarekin lerrokatuta dago. Foru-planak Gipuzkoako eraginkortasun energetikoa handitzeko sinergiak lortzen eta pixkanaka dependentzia energetikoa eta kontsumitzailearen ahultasuna (pobrezia energetikoa) murrizten lagunduko du.
Debabarreneko Energia Plana burutzeko, eragile desberdinei laguntza eskatuko zaie, energia alorrean ezagutza eta esperientzia zabala dutenak, bai eskualdekoak baita eskualdez kanpokoak ere. Orain arte 30 eragile inguru identifikatu dira eta haiekin elkarrizketak egingo dira banan-banan. Horien artean daude energia arloko enpresak (enpresa instalatzaileak zein mantenuaz arduratzen diren enpresak, elektrizistak, produktua duten enpresak, eraginkortasun energetikoan inbertsioak egiten ari diren enpresak…), erakundeak (Udalak, Aldundiak…) eta formazioarekin lotura duten eragileak, besteak beste, EHUko Energia Berriztagarrien Ingeniaritza Gradua, Eibarren irakasten dena, eta Mondragon Unibertsitatea. IE Team enpresa arduratuko da datu biltze prozesu hau aurrera eramateaz.
Prozesu parte-hartzaile honen helburua da epe luzerako eskualdearen ikuspegi bat eratzea, energiaren esparru guztiak kontuan hartuko dituena. Honela, lehenengo fase honetan informazioa jaso eta landuko da, ondoren ekintza plana gauzatzeko.
Eraginkortasun energetikoa areagotzeko ekintzak
Energia arloan, Debabarrenean eman ditugu honezkero hainbat urrats. Azken bi urteetan ekintza desberdinak burutu dira Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta EVE – Energiaren Euskal Erakundearen lankidetzarekin. Zehazki, eskualdearen aurrediagnostiko bat egin da eta, eskuratutako datuetan oinarrituz, eskualdeko udalerrietan zenbait jarduera jarri dira martxan, Debegesak bultzatuta. Horien artean:
- Mendaro, Eibar, Deba eta Soraluzeko argiteria publikoaren inguruko eta udal eraikinetako auditoria energetikoak egin dira, abiapuntu gisa instalazioen egoera ezagutzeko asmoz.
- Eskualdean kontsumo handiena duten eraikinak identifikatu dira, kiroldegiak, hain zuzen, eta jarraipen bat egiteko sistema bat ezarri da. Honela, Eibarko Ipurua eta Ermuko Teodoro Zuazua kiroldegietan, energia kontsumoaren monitorizazioa egiteko sistemak ipini dira martxan. Identifikatutako hobekuntzetatik abiatuta, kontsumoan %10 eta %20 artean aurreztea aurreikusi da.
- Debako Luzaro ikastetxean minieolikoa eta eguzki plakak konbinatzen dituen instalazioa ezarri da, ekimen piloto gisa.
- Elgoibarko San Lorenzo auzoko argiteria aldatu eta telekudeaketa ezarri da. Energiaren % 70 inguruko aurrezpena aurreikusi da. Deban, berriz, argiteria publikoaren koadroan fluxu erreduktore bat ezarri da energiaren kontsumoa murrizte aldera.
- Mugikortasunari dagokionean, Debabarrenean energia kontsumo osoaren %27 hartzen du pertsonen eta produktuen mugikortasunak. Ildo honetan, bi lerro lantzen dira:
– Mugikortasun Mahaia: Eskumena duten erakundeen eskutik, garraio publikoaren koordinazioa eta hobekuntza.
– Azpiegituren hobekuntza garraio publikoaren sistema hobetzeko. Markesinen egoeraren diagnostikoa egin da; garraio publikoaren ordutegien eguneratzea sistematizatu da, aldaketa berehala egin dadin; eta Mendaroko bi autobus-geltoki berritu dira, Azpilgoeta (Santuaran) eta Mendarozabal (zubia).
- Halaber, Debabarreneko eskualdean, Mutrikun, itsasoko olatuen indarrarekin energia sortzeko planta bat daukagu, EVEk finantzatu eta kudeatzen duena.
Energiari lotutako GISS proiektu europarreko partaide
Debabarreneko Energia Jasangarrirako Planaren baitan, ardatz garrantzitsuetako bat talentuarekin lotuta dago. Zentzu honetan, Debabarreneko eskualdea posizio estrategiko batean kokatuta dago, hein batean, Eibarren irakasten den Energia Berriztagarrien Ingeniaritza Graduari esker.
Ildo honetan, aipatzekoa da Debegesa proiektu europar batean parte hartzen ari dela, GISS izenekoa, Geothermal and Solar Skills, energiaren alorrean talentuaren kudeaketari buruzkoa. Debegesarekin batera, proiektuko lankide dira Greziako merkataritza bazkunde bat eta formaziora bideratutako bi centro, bata frantsesa eta bestea greziarra.
Izenak dioen moduan, proiektua geotermia eta eguzki-energiara mugatzen da eta helburu bikoitza du. Batetik, identifikatu nahi da gaur egun energia arloko enpresek eskatzen dituzten eta etorkizunean eskatuko dituzten perfilak zeintzuk diren. Eta bestetik, sektore hauetan lan egiten duten teknikari edo profesionalen gabeziak aztertu nahi dira, hezkuntza arloko eskaintzarekin alderatzeko.
Azken finean, helburu nagusia da Europa mailan sektore honi lotutako hezkuntza eskaintza hobetzea, enpresen eskaerari ondo egokitzeko eta profesional hauen enplegua sustatzeko.