Debegesak 10.000 euro arteko diru-laguntzak bideratuko ditu eskualdean enpresa singular berrien sorrera sustatzera
Diru-laguntza eskatu ahal izateko, enpresa berriek 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera ekonomia-jardueren gaineko zergan (IAE) eta Gizarte Segurantzaren dagokion erregimenean alta egoeran egon behar dute eta ondorengo ezaugarrietako bat bete behar dute:
- Jarduera berezia: Izaera industriala dutenak edo sektore honi zerbitzua eskaintzen dieten proiektuak lagunduko dira bereziki, hau da, Bai Industriari! estrategian oinarritutakoak.
- Berrikuntza maila: Gaur egun Debabarreneko enpresa sarean erantzunik edo irtenbiderik ez duten beharrei erantzuten dieten proiektuak.
- Enpleguaren sorreran eragin zuzena: Gutxienez zuzenean 3 lanpostu sortuko lituzketen proiektuak.
- Kudeaketa eredu parte-hartzailea: Kooperatiba ereduko proiektuak.
Diru-laguntzak negozioa martxan jarri ahal izateko egingo diren inbertsioak laguntzera bideratuko dira, inbertsioaren %75 arte, proiektu bakoitzeko gehienez 7.000 euro; eta industria arloko enpresen kasuan, 10.000 euro gehienez.
Diru-hornidura hau Gipuzkoako Foru Aldundiak Debegesari emandako laguntza batetik datorrenez, diru-laguntzak Gipuzkoako lurraldean kokatuko diren Debabarreneko enpresei banatuko zaie (Eibar, Mutriku, Elgoibar, Mendaro, Deba eta Soraluze).
Diru-laguntza eskatzeko epea
Laguntza eskaerak Debegesaren egoitzan aurkeztuko dira, Eibarko Azitain Industrialdean, goizeko 8:30etatik 14:30era, 2014ko ekainaren 30era arte (barne).
Kontsultatu hemen diru-laguntzak eskuratzeko bete beharreko baldintzak.