Debegesak 120.000 euro bideratu ditu Debabarrenean enpresa berrien sorrera laguntzera
Debegesa Garapen Agentziak Debabarreneko 19 enpresa berriren artean diru-laguntzak banatu ditu, 120.000 euro guztira. Enpresa hauek, laguntzei esker, ia 1,5 milioi euroko inbertsioa egingo dutela aurreikusi da. Banatutako laguntzak enpresek egindako inbertsioak laguntzera zuzendu dira.
Diru funts hau Gipuzkoako Foru Aldunditik dator osorik eta foru dekretu baten baitan kokatzen da, enplegua hobetze aldera proiektu estrategikoen garapena bultzatzera bideratuta dagoena.
19 enpresa hauei banatutako ditu-laguntzei esker, 32 lanpostu berri sortu dira eskualdean eta hazkunde potentzial handia duten sektoreak lagundu dira.
Enpresa onuradunak
Enpresa onuradunek lan arlo desberdinetan dihardute. Horietatik 4 industria sektorean ari dira; beste 4 enpresa teknologia berrien arlokoak dira; enpresa 1 nekazaritza-esparrukoa da; eta gainerako enpresek, 10 guztira, zerbitzuen alorreko jarduera ezberdinak burutzen dituzte.
Herriz-herri, zortzi enpresa Eibarren daude kokatuta, bost Elgoibarren, hiru Mutrikun, eta bana Mendaron, Deban eta Soraluzen.
Debegesak 2014an banatu ditu diru-laguntza hauek, “Debabarrena Ekinean Funtsa” programaren baitan, enpresa berriak sortu eta enplegua sustatzeko xedearekin. Enpresa berriek ondorengo ezaugarriak bete behar zituzten:
- Jarduera berezikoa izatea: Izaera industriala dutenak edo sektore honi zerbitzua eskaintzen dieten proiektuak lagundu dira bereziki, Bai Industriari! estrategian oinarritutakoak.
- Berrikuntza maila: Gaur egun Debabarreneko enpresa sarean erantzunik ez edota irteerarik ez duten beharrei erantzuten dieten proiektuak.
- Enpleguaren sorreran eragin zuzena: Gutxienez zuzenean 3 lanpostu sortuko dituzten proiektuak.
- Kudeaketa eredu parte-hartzailea: Kooperatiba ereduko proiektuak.