DEBEGESAk 17 enpresa berri sortzen lagundu zuen 2018an Debabarrenean
Debegesa Garapen Agentziako Enpresa proiektu berrien sustapenerako zerbitzuak 2018an 17 enpresa berri sortzen lagundu zuen Debabarrenean, aurreko urtean baino enpresa bat gehiago.
Negozio berri hauek, orain artean, 61 lanpostu zuzen sortu dituzte. Azken datu hau aurreko urteetakoa baino nabarmen hobea da, hein handi batean, iaz Debegesaren laguntzarekin burutu ziren bi enpresa-transmisio prozesuei esker.
2018an, denera 97 pertsona hurbildu ziren Debegesako bulegoetara enpresa bat sortzeko informazio eta aholkularitza eske. Kontsulta horietatik guztietatik 22 proiekturentzako bideragarritasun plana landu zen, eta azkenik, 17 enpresa-jarduera berri abiatu ziren.
Gazteak dira gehienbat jarduera berriei ekin dieten ekintzaileak, 45 urtez azpikoak, eta ia erdia emakumezkoak dira, ekintzaileen %41, hain zuzen. Halaber, gehienek, goi mailako eta maila ertaineko prestakuntza dute, %76k.
Enpresa berri hauek arlo askotarikoak dira, baina zerbitzuen sekoreko enpresak nabarmentzen dira, %47arekin. Halere, azpimarratzeko datua da enpresa berrien artean %18 industria sektorekoak direla. Merkatariza arlokoak dira enpresen %29; eta ostalaritzakoa %6a.
Ekintzailetza zerbitzua
Debegesako enpresa proiektu berrien sustapenerako zerbitzuak aurrera daraman lanaren ondorio da 17 enpresa berri hauen sorrera. Ekintzaileei laguntza integrala eskaintzen die Debegesak, enpresa-jarduera hauen iraupena eta hazkundea bermatzeko helburuarekin.
Debegesak informazioa eta aholkularitza eskaintzen die, doakoa eta banakakoa, euren negozio-ideia martxan jarri nahi duten ekintzaileei eta beharrezko dituzten tresnak jartzen dizkie eskura euren enpresa-proiektua garatu dezaten baldintza onenetan, bideragarritasun plana lantzen lagunduz, laguntza eta diru-laguntzen gaineko informazioa eskainiz, finantziazioa eskuratzeko erraztasunak erakutsiz, edota Eibargunea deritzon enpresa-inkubagailuan kokatzeko aukera emanez. Eibarko Udalaren, Sprilurren eta Debegesaren artean sinatutako hitzarmen bati esker sortua, inkubagailua Eibarko Azitain industrialdean kokatuta dago, eta eskualdeko ekintzaileei lanerako espazioak partekatzeko aukera eskaintzen die.
Gainera, 2019an ere, finantza erakunde ezberdinekin Debegesak dituen lankidetza hitzarmenek indarrean jarraituko dute, ekintzaileei euren enpresa-proiektuak abian jartzeko erraztasunak izan ditzaten.