DEBEGESAk enpresa industrialen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko programa bat bultzatuko du
Debegesa Garapen Agentziak metalen tratamendu eta estaldura jarduerara bideratutako enpresa industrialen lehiakortasuna hobetzea helburu duen programa bat jarriko du laster martxan Debabarrenean (beste eskualdeetara ere zabal daiteke).
Azpisektore hau estrategikoa da Debabarrenean, pisu esanguratsua baitu eta hazkunde eta garapenerako tarte handiarekin. Debegesak dauzkan datuen arabera, eskualdean 56 enpresa daude honetara bideratzen direnak eta 400 lagunek dihardute lanean.
Programa honen helburua da, batetik, enpresaren errentagarritasuna handitzeko aukerak identifikatzea, eraginkortasun energetikora bideratuta, energia aurrezteko bideak aztertuz; eta, bestetik, enpresa hauen lehiakortasuna handitzea ahalbidetuko duten proiektu praktikoak detektatzea (kalitatearekin, ingurumenarekin edota teknologiarekin erlazionatutakoak).
Zehazki, programa honen bitartez, langabezian dauden eta titulazio teknikoa duten (Ingeniaritza Kimikoa, Kimikan lizentziatura, lanbide heziketa ingurune kimikoan…) hainbat lagunek formazioa jasoko dute, ondoren enpresa hauetan lanean hasteko eta enpresentzat interesgarriak izan daitezkeen proiektuak garatzeko. Lanera sartze eta fomrazioaren zati bat Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz-lagunduko du.
Prestakuntza eta lana enpresan
Pertsona hauek 4 hilabetez egongo dira enpresan lanean, 2015eko apiriletik uztailera, eta proiektu hauek garatzeko prestakuntza teorikoa eta enpresa espezializatu baten tutorizazioa jasoko dute une oro.
Ikasleen hautatze prozesua programan parte hartzeko interesa duten enpresak identifikatutakoan egingo da, ikasleen perfila enpresa hauetara ahalik eta gehien egokitzeko asmoz.
Programa honek ez du inolako kosturik enpresarentzat. Interesa duten enpresak Debegesarekin jar daitezke harremanetan 943 820 110 telefonora deituz (Silvia Gil – Enpresa eta Berrikuntza Saila) edota pymes@debegesa.com helbidera idatziz.
“Enplegu Estrategikoak”
Programa hau “Enplegu Estrategikoak” izeneko egitasmo zabalago baten barruan sartuta dago, beste garapen agentzia batzuekin elkarlanean eta Garapenen koordinaziopean. Egitasmo honek industria arloan enplegua mantendu eta lanpostu berriak sortu nahi ditu dibertsifikazioa bultzatuz eta enpresen lehiakortasuna hobetuz.
ENPLEGU ESTRATEGIKOAK proiektua Europako Gizarte-Funtsak diruz lagundu du Euskal Herriko Programa Operatiboaren 2007-2013 bidez eta GARAPENek (Garapen Agentzien Euskal Elkartea) Koordinatzen du.