Debegesak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmena sinatu dute Debabarreneko energia estrategia sustatzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak 400.000 euro jarriko ditu Gipuzkoako pobrezia energetikoari aurre egiteko eta eskualdeetan eredu energetiko jasangarriagoa sustatzeko. Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok lankidetza hitzarmena sinatu du Debabarrena, Oarsoaldea, Tolosaldea, Urola Erdia, Goierri, Urola Garaia, Debagoiena eta Beterri-Buruntzarekin, eskualde horietan energia planak sustatzeko. Nabarmentzekoa da bi eskualde berrien batzea, Debagoiena eta Beterri-Buruntza, hain zuzen. Hortaz, dagoeneko 8 dira energia planak dituzten eskualdeak, Gipuzkoako 89 udalerritatik 81ek, han zuzen.
Eskualde bakoitzak 50.000 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko du. Ingurumeneko Departamentuaren helburua da legealdiaren bukaeran Gipuzkoako eskualde bakoitzak bere energia plana edukitzea, lurraldearen jasangarritasun energetikorantz aurrera egiteko. Beraz, Ingurumeneko Departamentuak 400.000 euro bideratzen ditu eredu energetiko jasangarri bateranzko aldaketa sustatzeko Gipuzkoako eskualdeetan, GK 2050 klima aldaketari aurre egiteko estrategiarekin lerrokatua.
Garapen agentziek gauzatutako ekintzak hiru jarduketa esparru hauetan oinarritzen dira: lehena, sentsibilizazioa, prestakuntza eta komunikazioa herritarrentzat, oro har, eta beste kolektibo batzuentzat, bereziki (etxeak, enpresak eta dendak).
Bigarren ekintza-esparrua pobrezia energetikoarena da, diagnostikoa eta neurri zuzentzaile txikiak ezarriz.
Amaitzeko, hirugarren ekintza esparrua eraginkortasun energetikoarena eta energia berritzaileak sustatzeari buruzkoa da, bai sektore publikoan (udal bulegoetan eta argiteria publikoa), lehen mailako sektorean (Nekazaritza ustialekuak), hirugarren mailako sektorean (dendak eta establezimendu turistikoak) eta baita industria txikietan ere. Zentzu honetan, Debabarrenak energia ustiatzeko proiektua sustatuko du enpresa ugarien artean.
Une honetan, Ingurumeneko Departamentuak eskualdeko energia planak idazteko diru-laguntzak eta laguntza teknikoak eman ditu. Lan horren ondorioz, une honetan, 81 udalerri biltzen dituzten Gipuzkoako zortzi eskualdek energia arloko ekintza planak eginda dituzte dagoeneko. Horretarako, garapen ekonomikoko eskualde agentziek (sustatzaileak eta koordinatzaileak direnak), udalen, landa garapeneko agentzien eta, zenbait kasutan, herritarren elkarteen laguntza izan dute.
2019. urtean, hitzarmen horiek sinatu ondoren, hainbat azterlan eta plan sustatuko dira, bai energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko, bai eskualdeetan energiaren aurrezpena eta efizientzia energetikoa sustatzeko, eta baita ere sentsibilizazio jarduerak diseinatu eta gauzatzeko.Departamentu honek Gipuzkoako eskualdeetako energia eredua aldatzera bideratuko duen zenbatekoari esker, goian adierazitako ekintzak diruz laguntzeaz gain, eskualde bakoitzean energia alorreko teknikari bat izatea bermatuko da, eskualdeko Energia Plana sustatzeko eta dinamizatzeko lanak egingo dituena.
Hitzarmenaren sinaduran hauek izan dira: Olatz Peon, Tolosaldea Garatzen Eskualdeko Garapen Agentziako lehendakaria eta Tolosako alkatea; Eneko Etxeberria, Iraurgi Berritzen Urola Erdia Eskualdeko Garapen Agentziako lehendakaria eta Azpeitiko alkatea; Fernando Nabreda, Oarsoaldea Eskualdeko Garapen Agentziako zuzendari gerentea; Juan Angel Balbas, Debegesa Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteko zuzendari gerentea; Iker Galparsoro, Goieki Goierri Eskualdeko Garapen Agentziako zuzendaria; Unai Elkoro, Debagoieneko Mankomunitateko presidentea eta Aretxabaletako alkatea; eta Jon Zulueta, Beterri-Buruntza Mankomunitateko presidentea.