DEBEGESAk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatu dute Debabarreneko Energia Plana bultzatzeko
Jose Ignacio Asensio Ingurumen Diputatuak hitzarmenak sinatu ditu Oarsoaldea, Urola Erdia, Tolosaldea Garatzen eta Debegesa eskualdeetako garapen agentziekin, eskualde hauetako energia planak sustatu, dinamizatu eta garatuko dituzten ekintzak aurrera eramateko. Lau eskualde horiek 43 udalerri biltzen dituzte. Erakundeetako bakoitzak 67.500 euroko diru laguntza jasoko du Foru Aldundiaren eskutik.
Prentsaurrekoan izan dira, Tolosaldea Garatzeneko presidente eta Tolosako alkate Olatz Peon; Urola Erdiko Iraurgi Lantzeneko presidente eta Azkoitiko alkate Javier Zubizarreta; Oarsoaldeako zuzendari-gerentea, Fernando Nebreda; eta Debabarreneko Debegesa garapen agentziako Zuzendari-Gerentea, Juan Angel Balbás.
“Argi daukagu pobrezia energetikoari aurre egiteko beharrezkoak direla aurrezpena eta eraginkortasun energetikoa sustatuko duten ekintzak burutzea, baita energia berriztagarriak erabiltzea eta energiaren negozio eredu sozializatuak eta etekinen banaketa zuzena egiten dutenak bilatzea ere. Eta horretarako, ezinbestekoa da udal eta eskualde mailan aritzea, kontsumo puntuetatik gertu eta autokontsumorako iturri berriztagarrietatik gertu eta herritarren interesetatik gertu”, adierazi du Asensiok
Ingurumen diputatuaren ustez ezinbestekoa da tokiko erakundeek (Foru Aldundia, Udalak eta tokiko beste erakunde batzuk) elkarrekin lan egitea kontsumitzaileak (hiriko zein landa inguruetako etxeak, sektore guztietako ETEak, denda txikiak, zerbitzu publikoak, eta abar) partaide izango dituen energiaren inguruko estrategia komun bat bultzatu ahal izateko. Estrategia horrek, hainbat ekintza planetan banatuta, pobrezia energetikoa eta ahulezia gutxitzeko hartu beharreko neurriak garatuko ditu: eraikinen, instalazioen, tresnerien, ibilgailuen eta abarren kontsumo ohiturak eta eraginkortasuna hobetzeko prebentzio neurriak eta neurri eraldatzaileak, etekinen banaketa zuzena egiten duten proiektuak erraztuko dituzten ekimen kolektibo eta publikoak, hala nola, udal eta eskualde mailako energia alorreko plangintza eta ekintzak, kooperatiba energetikoak, energia berriztagarriak oinarri hartuta autokontsumoa sortzea, eta abar.
“Estrategia komun eta partekaturik ezean, ezinezkoa da pobrezia eta menpekotasun energetikoari aurre egitea eta eredu energetiko jasangarri baterako urratsak ematea. Foru estrategia, ekintza propioen bidez garatzeaz gain, udal eta eskualde mailako ekintzak ere behar beharrezkoak ditu” adierazi du Asensiok.
Eta lan hori modu koordinatuan burutu dadin, Departamentuak erabaki du Energia jasangarriaren eta pobrezia energetikoaren Lurraldeko Mahaia osatzea. Organo berri horrek eskualdeetako mahaiak bilduko ditu bere baitan, bakoitzaren planen arabera eta ekintza foralaren planoaren arabera. Mahaia kontsultarako, aholkularitzarako eta adostasunerako organoa izango da, baita Gipuzkoan energia berriztagarriarekin eta pobrezia energetikoarekin zerikusia duten administrazioen, erakundeen, gizarte eragileen parte hartzerako organoa ere. Estrategia bateratuak egiteaz, garatzeaz eta ebaluatzeaz arduratuko da, pobrezia eta menpekotasun energetikoari aurre egiteko politikak eta jardunbideak zehazten lagunduz eta Gipuzkoan eredu energetiko jasangarrirako urratsak emanez, ikuspegi sozial, ingurumeneko eta ekonomikotik.