Debegesak eta Ihobek eraikinen birgaitze lanetan ingurumenarekiko ardura sustatuko dute sinatu berri duten hitzarmen baten bidez

2011-10-20 Iruzkinik ez

Euren
etxebizitza edota etxebizitza-eraikina birgaitu nahi duten herritar zein
bizilagun-komunitateen artean birgaitze jasangarriaren gaineko ezagutza
sustatu, gremioen aldetik birgaitze jasangarriaren aldeko erantzun profesionala
indartu edota hondakinak gutxitu eta birziklapena bultzatu dira, besteak beste,
Udalsarea 21, Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarearen baitan sinatu den
Debabarreneko Birgaitze Jasangarrirako Programaren helburuetako batzuk.

 

Programa
hau euren etxebizitza edota etxebizitza-eraikina birgaitu beharra duten
herritar eta bizilagun-komunitateei zuzenduta dago, baita gremio profesional
eta eskualdeko udaletako teknikariei ere (arkitekto eta arkitekto teknikari).

  

Eskualde jasangarri baterantz

Debegesaren
Birgaitze Zerbitzuaren bitartez etxebizitza eta komunitate ezberdinetan burutu
diren birgaitze-lan ohikoenak aztertu ostean, eskualdeko garapen agentziak
Ihoberekin batera fitxa praktiko batzuk argitaratu ditu birgaitze lanak
jasangarriak izan daitezen kontuan hartu beharreko neurriak zeintzuk diren
ezagutzera eman asmoz. Zortzi fitxa ezberdin egin dira, obraren arabera: fatxada
eta estalkien berriztapena, kanpoko zurgintzaren ordezkatzea,
igogailuaren instalazioa, instalazio elektrikoa, berogailuaren instalazioa,
sukaldea eta komunak… Fitxa hauek guztiak herritar, bizilagun-komunitate,
gremio eta udal teknikarien eskura daude.

 

Fitxa
hauek egiterako orduan kontuan hartu dira EAEko Eraikuntza eta Birgaikuntza
Jasangarrirako Gidak. Gida hauek, orain gutxi birgaikuntzari buruzko edukiekin eguneratuak,
www.ihobe.net webgunean daude herritarren
eskura.

 

Birgaitze
Zerbitzuaren bitartez, Debegesako Hirigintza eta Birgaitze departamentuak
etxebizitza berritu nahi duten herritarrei eta bizilagun-komunitateei
aholkularitza pertsonalizatua eskainiko die, birgaitze lan horiek
jasangarriagoak izan daitezen bultzatuz. Arreta zerbitzu hori jasotzeko
aurretiaz hitzordua eskatu beharko da, 943 82 01 10
telefonora deituz. 

 

Programak,
era berean, eraikuntza edota birgaitze alorreko enpresa eta profesionalen
artean sentsibilizazio lan bat aurreikusten du. Honela, datorren urriaren 28an jardunaldia eskainiko da
Debegesan “BIRGAITZE LAN JASANGARRIAK” izenburupean, etxebizitzen birgaitze
lanetan diharduten gremio eta profesionalei zuzenduta.

 

Proiektuaren izaera berritzailea

Debegesak,
Debabarreneko Eraberritze Hirigintza Elkarte gisa, eskualdearen garapen
jasangarriago baten aldeko jarduera eredugarriak aurrera eraman behar dituela
jakinik, Ihoberekin elkarlanean abiatu du Debabarreneko Birgaitze
Jasangarrirako Programa.

 

Programa
etxebizitza birgaitzeko interesa duten herritar eta bizilagun-komunitateei
zuzenduta dago eta horixe da, hain zuzen, programak jasotzen duen punturik
berritzaileena. Izan ere, birgaitze lanen promotore gisa, herritarrek
ingurumenarekiko ardura bere gain har dezaten bultzatu nahi da.

 

Gainera,
birgaitze jasangarriari modu globalean heldu nahi zaio, etxebizitzen
birgaitzean parte hartzen duten pertsona guztiekin lan eginez, sektoreko
profesionalekin zein udaletako teknikari eta politikariekin.

 

Berringurumena 2010

Debabarreneko
Birgaitze Jasangarrirako Programak Berringurumena 2010 ideia-lehiaketan du
jatorria. Udalsarea 21 elkarteak bultzatuta, lehiaketa honek proiektu
ekoberritzaileak bultzatzea du xede. Ekimen honen baitan sortzen diren
proiektuen helburua da baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatzea eta, aldi
berean, ingurunearekiko inpaktua gutxitzea. Horretarako, Ihobek laguntza
teknikoa eskaintzen du eta %70ean diruz laguntzen du.

 

Proiektuaren
izaera berritzailea kontuan harturik, emaitzak onak badira, EAEko beste
udalerrietan ere martxan jarri ahal izango da.