Debegesak urriaren 15era arte luzatu du ekintzailetza sustatzeko diru-laguntzen eskabideak aurkezteko epea
Ekintzailetza modu eraginkorrean sustatzeko helburuarekin, Debegesak 120.000 euroko diru funtsa jarri du abian, enpresa jarduera berrien ekimena sustatzeko xedearekin. Eskabideak aurkezteko epea luzatu egin da 2014ko urriaren 15era arte.
Diru-laguntzon onuradun izateko, enpresa berriek 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera ekonomia-jardueren gaineko zergan (IAE) eta Gizarte Segurantzaren erregimenean alta egoeran egon behar dute eta ondorengo ezaugarrietako bat bete behar da:
- Jarduera berezia: Izaera industriala dutenak edo sektore honi zerbitzua eskaintzen dieten proiektuak lagunduko dira bereziki, hau da, Bai Industriari! estrategian oinarritutakoak.
- Berrikuntza maila: Gaur egun Debabarreneko enpresa sarean erantzunik edo irtenbiderik ez duten beharrei erantzuten dieten proiektuak.
- Enpleguaren sorreran eragin zuzena: Gutxienez zuzenean 3 lanpostu sortuko lituzketen proiektuak.
- Kudeaketa eredu parte-hartzailea: Kooperatiba ereduko proiektuak.
Diru-laguntzak negozio edo aktibitatea martxan jarri ahal izateko egingo diren inbertsioak laguntzera bideratuko dira, inbertsioaren %75a arte, proiektu bakoitzeko gehienez 7.000 euro; eta industria arloko enpresen kasuan, 10.000 euro gehienez.
Diru-hornidura hau Gipuzkoako Foru Aldundiak Debegesari emandako laguntza batetik datorrenez, diru-laguntzak Gipuzkoako lurraldean kokatuko diren Debabarreneko enpresei banatuko zaie (Eibar, Mutriku, Elgoibar, Mendaro, Deba eta Soraluze).
Diru-laguntzak eskuratzeko bete beharreko baldintzak webgunean argitaratu ditu Debegesak. Eskaerak Debegesaren egoitzan aurkeztuko dira, goizeko 8:30etik 14:30era, 2014ko urriaren 15era arte.