Dolmenen Ibilbidea aurkeztu da
Gaur goizean egin da Debegesa Garapen Agentzian, Eibarren, Dolmenen Ibilbidearen aurkezpena. Ekitaldian izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendari Roke Akizu, Soraluzeko Alkate Hiart Arluziaga, Elgoibarko Udaleko Kultura Teknikari Blanca Salegi, Bergarako Udaleko zinegotzi Juanje Amasorrain, Aranzadi Zientzia Elkarteko Idazkari Nagusi Juantxo Agirre eta Debegesako Turismo Arduradun Cristina Iturriagagoitia.
Karakate-Agirreburu ingurunea eta bere ondare natural eta kulturala balioan jartzeko helburuarekin, ibilbide tematiko berri honen egokitzapen eta interpretazio lanetan aritu dira Elgoibar, Soraluze eta Bergarako Udalak, Debegesaren gidaritzapean, Aranzadi Zientzia Elkartea, Debemen eta Gipuzkoako Mendi Federazioarekin batera. Halaber, proiektua aurrera eramateko Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ezinbestekoa izan da.
Proiektu hau aurrera eramateko arrazoien artean dago, ibilbide honek eta orokorrean inguruneak daukan potentzial turistikoa. Dolmenen Ibilbideak turismoarekin lotutako aukerak zabaltzen ditu, bai ingurunean bertan baita landa eremuari dagokionez ere.
Dolmenen Ibilbideak, PR-Gi 94 izendapenarekin, 20 kilometro dauzka eta Karakate-Agirreburu banalerroa zeharkatzen du, Elgoibar, Soraluze eta Bergarako udalerriak lotuz.
Ibilbideak edertasun eta balio handiko kultur eta historia ondarea dauka. Dolmenen Ibilbidean, Aita Barandiaranek hala izendatu zuen, antzina Deba eta Urola bailaren arteko igarobidea izan zen lurretan sartzen gara. Bertan gure arbasoen aztarnak ikus daitezke, Elosua-Plazentzia estazio megalitikoa osatzen duten tumulu eta dolmen multzoa, hain zuzen. Dolmen hauek Karakate, Irukurutzeta eta Agirreburuko tontorrek marrazten duten mendilerroan sakabanatuta daude. Ikuspegi ederrek gainera, are interesgarriagoa egiten dute ibilbidea.
Dolmenen Ibilbidea publiko zabalari zuzenduta dago. Adin eta mota guztietako pertsonek disfrutatu dezakete ibilbideaz. Ibilaldi lau eta lasaia egin nahi dutenek, aukera dute horretarako, historia eta paisaia ederrez inguraturik, baita ibilbide exijenteagoak edo zailagoak gustuko dituztenek ere, badute non aukeratu. Nahieran egin daitekeen ibilbidea da, abiapuntua norberak erabakitzen du, baita amaiera puntua ere, zailtasuna edota desnibela.
Ibilbidea Elgoibar, Soraluze eta Bergarako hiriguneekin dago konektatuta eta Gipuzkoako Mendi Federazioaren irizpideak jarraituz seinalizatu eta balizatu da. Halaber, folleto edo liburuxkak argitaratu dira. Liburuxka hauetan ibilbidearen berri jaso daiteke, interesguneen gaineko informazioa dago eta baita mapa bat ere. Liburuxkak 3 udaletxeetan eta Deba eta Mutrikuko Turismo Bulegoetan eskuratu dezake nahi duenak.
Bisita gidatuak eta tailerrak
Dolmenen Ibilbidea sustatu eta ezagutzera eman asmoz eta inguruneaz gozatzeko antolatutako ekimen batean parte hartu nahi dutenentzat, jarduera programa bat diseinatu da. Batetik, bisita gidatuak egingo dira Karakate-Irukurutzeta mendilerroan, iaz Debegesa garapen agentziak eta Debanatura elkarteak elkarrekin abiatutako “Arbasoen Deia” proiektuari jarraipena emanez, eta bestetik, haurrak dituzten familiei zuzendutako tailerrak egingo dira.
Programa Aste Santuan hasi eta urrira bitartean burutuko da. Guztira 4 bisita gidatu eta 4 tailer egingo dira.
Lehendabiziko bisita gidatua martxoaren 30ean egingo da, goizeko 10:00etan, Karakateko aparkalekutik hasita. Izena emateko Debegesara deitu daiteke, 943 82 01 10, edota Debanatura elkarteko telefonora, 943 19 11 72/695 78 36 56 (azken eguna izena emateko, martxoak 29, ostirala).
Gure ondare naturala eta gure historia ezagutzeko helburuarekin lehendabiziko aldiz datozen bisitariei zuzenduta daude bisita gidatuak, baina baita bertako herritarrei ere, ingurua aski ondo ezagutzen dutenak baina beste begi batzuekin deskubritu nahi duten horiei. Bisitak 3 orduko iraupena du eta gida espezializatu baten laguntzarekin gure arbasoen ezagutzan sakondu ahal izango dute bisitariek: gertaera garrantzitsuak, artzaintzaren hastapenak eta bilakaera, bizimodua, sinesmenak, arrastoen interpretazio eta datuak, indusketen ondorioak…
Bestalde, jarduera-tailerrak 4-12 urte bitarteko haurrak dituzten familiei daude zuzenduta. Izaera ludikoa dute tailerrek, jolasean ikastea dute helburu. Tailer hauek gure arbasoak nola bizi ziren ulertzeko balioko dute, euren biziraupen eta ehizarako teknikak, sinesmenak, artzaintza-lanak…
Elosua-Plazentziako estazio megalitikoa
Dolmenen Ibilbideak daukan balio handienetakoa arkeologikoa da, Elosua-Plazentziako estazio megalitikoa osatzen duten dolmen eta tumulu multzoa, alegia. Euskal Herriko arkeologia orokorra eta, bereziki, Deba bailarakoa aztertzerakoan garantiza handia du estazio megalitiko honek. Estazio megalitiko honen historiaurreko ondarea Bergara, Azkoitia, Antzuola, Elgoibar eta Soraluzeko udalerrietan sakabanatuta dauden 16 monumentuk osatzen dute gaur egun (10 tumuluk eta 6 trikuharrik). Monumentu horietako gehienak j.m. Barandiaranek aurktiu zituen, 1920tik 1921era bitartean, eta berak induskatu zituen, T. Aranzadiren eta E. Egurenen laguntzatz, 1921etik 1922ra. Zoritxarrez, monumentu horietako gehienak espoliatu egin zituzten, lehenengo ikerketak egiten hasi aurretik.