Dolmenen Ibilbidea (Bergara – Elgoibar – Soraluze) balioan jartzeko beste urrats bat, Kerexetaegia Hegokoa trikuharriaren berreraikitzearekin

2018-09-10 Iruzkinik ez

Dolmenen Ibilbidea kontserbatzeko, balioan jartzeko eta ikertzen jarraitzeko helburuari eutsiz, lankidetza hitzarmen berria sinatu dute Bergarako, Elgoibarko eta Soraluzeko Udalek. Honela, datozen hilbateetan hainbat jarduera egingo dira Dolmenen Ibilbidearen (PR-Gi 94) garapena sustatu eta bertako ondare naturala, kulturala eta arkeologiko aberatsa ezagutzera emateko. Ekintza hauek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol departamentuaren eta Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzaren laguntza jaso dute.

Bergarako, Elgoibarko eta Soraluzeko Udalak 2012tik ari dira sustatzen Dolmenen Ibilbidea berreskuratzeko eta balioan jartzeko proiektua, Debegesa garapen agentziaren koordinaziopean, eta Debemen Landa Garapen Elkartearen lankidetzarekin.

2018rako aurreikusitako lanen aurkezpena gaur goizean egin da Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziaren egoitzan eta bertan izan dira Bergarako, Elgoibarko eta Soraluzeko alkateak, Elena Lete, Ane Beitia eta Iker Aldazabal, hurrenez hurren, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kide Jesus Tapia arkeologoa. Halaber, ekitaldian izan da Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaria, Irma Basterra.

Plan integral honen helburuak honako hauek dira: bertako ondare arkeologikoarekiko interesa eta errespetua sustatuz herritarrak sentsibilizatzea, Karakate-Irukurutzeta-Agerreburu mendilerroaren ondare-balioa eta paisaia-balioa agerian jartzea, baliabide turistiko gisa sustatzea, Dolmenen Ibilbideari buruzko ezagutza eguneratzea ondare kulturala hobeto babesteko eta kudeatzeko asmoz, eta gure Historiaurreko monumentu multzo nabarmenetakoa berreskuratzea bere berreraikitze historikorako.

Lanerako planak jasotzen dituen jardueren artean, nabarmentzekoa da Kerexetaegia Hegokoa trikuharriaren berreraikitzea. Lurra prestatzeko lanak hasita daude eta datozen asteetan ekingo diete berreraikitze lanei Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskoiker Fundazioak elkarlanean. Irailean hasi eta urrian amaitzea aurreikusi da.

Trikuharri hau 1921ean aztertu zuten Barandiaranek, Aranzadik eta Egurenek. Haiek egindako indusketa arkeologikoari esker, zehaztu ahal izan zuten hilobiko kamararen kokapena eta hari forma ematen zioten megalitoak identifikatu zituzten. Trikuharria berriro ikertu zen 2014an, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin, eta trikuharriaren eta tumuluaren kontserbazio egoera zein zen ikusi eta material arkeologikoa berreskuratu ahal izan zen.

Kerexetaegia Hegokoa trikuharrian egingo den esku-hartzea, bereziki, hilobiko kamararen berreraikitzean zentratuko da, baina tumuluaren berreraikitze partziala ere egingo da. Asmoa da trikuharri arrunt baten egitura nolakoa den ezagutzera ematea: masa tumularra, hilobiko kamara, orientazioa, eraikitze elementuen disposizioa, neurriak, etabar.  

Azpimarratzekoa da, aurten, arkeologo taldearen ekimenez eskanerretik pasa eta gero, elementu megalitiko honen errepresentazio birtuala egin da. Ikusentzunezkoa gaur goizean aurkeztu da eta dagoeneko ikus daiteke www.debabarrenaturismo.com webgunean. Baliabide interesgarria da oso, Kerexetaegia Hegokoa trikuharria jatorrian nolakoa zen erakusten baitigu.

 

 

Irukurutzeta trikuharriaren ikeketa arkeologikoa

Dolmenen Ibilbidearen proiektuak ikerketa arkeologikoaren alorrean ekimen berriak jasotzen ditu eta azaroan Irukurutzetako trikuharriaren indusketak lanak hastea aurreikusten da.

Gipuzkoako trikuharrien artean handienetakoa da eta, Aranzadi Zientzia Elkartearen arabera, indusketa arkeologikoak ekarpen nabarmenak egin ditzake tumuluaren neurriak eta egituraren ezaugarriak zehaztuz. Gainera, Neolito garaiko material arkeologikoa aurkitzeko aukerak badaude.

 

Doako bisita gidatuak, udazkenean

Dolmenen Ibilbidearen balio arkeologikoa zein paisaia-balioa ezagutzera emateko, eta iaz eskainitako bisita gidatuek izan zuten harrera bikaina ikusirik – 192 lagunek parte hartu zuten –, udazkenean, iraila eta azaroa bitartean, doako bisita gidatuak eskainiko dira berriro ere.

Bisita gidatuak igandez egingo dira eta lehendabiziko hitzordua irailaren 30ean izango da, euskaraz. Ibilbidea Karakateko aparkalekutik abiatuko da, goizeko 10:00etan. Bederatzi kilometroko ibilbide gidatua izango da, Karakaten hasi eta Irukurutzetaraino. Iraupena hiru ordu eta erdikoa da. Bisitari amaiera emateko, gazta, ogia eta sagardoa dastatzeko aukera izango da.

Aurrez izena ematea beharrezkoa da. Interesa dutenek izena eman dezakete 657 79 46 77 telefonora deituz edo info@begi-bistan.com helbidera idatziz.

*Bisita gidatuen datak: irailak 30 (euskaraz), urriak 7 (gaztelaniaz), urriak 21 (euskaraz), urriak 28 (gaztelaniaz) eta azaroak 4 (euskaraz).

Halaber, Dolmenen Ibilbideko liburuxka berria editatu da. Aurkezpen testu laburraz gainera, Karakate – Iturriberri mendilerroaren mapa agertzen da, bertan dauden 16 monumentuen kokapenarekin (10 tumulu eta 6 trikuharri). Bertara iristeko jarraibideak ere gehitu dira. Liburuxka eskuragarri dago www.debabarrenaturismo.com webgunean; eskuragarri egongo da, baita ere, Bergarako eta Debabarreneko Turismo Bulegoetan, Elgoibarko Herritarren Arretarako Bulegoan eta Soraluzeko Udaletxean.

 

Gizaburuagako trikuharria, Elosua-Plazentzia megalitotegiko monumenturik garrantzitsuena

Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikerketa eta interpretazio lanek erakutsi dutenez, Gizaburuagako trikuharria da, zalantzarik gabe, Elosua-Plazentzia megalitotegiko monumenturik garrantzitsuena. Estazio megalitiko osoan baino material gehiago aurkitu da bertan eta, gainera, oso kalitate onekoa.

Indusketa lanak metodo estratigrafikoari jarraituz egin dira, hau da, geruzak banan-banan eta kontu handiz indusi dira; orain, material honen guztiaren sailkapena eta azterketa egiten ari dira laborategian.

Jesus Tapia Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoaren esanetan, lortu diren emaitzek informazio baliotsua eman dute. Baieztatu da trikuharria Neolito garaian eraiki zela, tumuluan eta tumuluaren azpiko lurretan Neolitoko materiala aurkitu baita, eta Historiaurreko aldi ezberdinetan erabili zela ere frogatu da: Neolitoan eta Brontze Aroko fase batean.

Gainera, azken prospekzio lanetan material ikusgarriak aurkitu dira: gutxienez hiru ontzi zeramikoren zatiak, harrizko eta metalezko apaingarriak, suharrizko tresnak, erretako giza hezurrak, eta baita aztarna begetalak ere.

Gizaburuagan frogatu da errauste errituaren sarrera uste baino lehenagokoa izan zela; bi errauste aurkitu dira eta biak Brontze Aroa amaitu aurrekoak dira.

Aurkikuntza hauei esker, nabariagoak dira historiaurrean gertatutako gizarte eta sinesmen aldaketak. Neolitoa eta nekazaritza lurperatzeko ohiturarekin lotzen dira eta, aldiz, Metalen Aroa errausketarekin; hilobiak kolektiboak izatetik banakakoak izatera pasa ziren; eta, ostilamenduak ikusita, Neolitoan berdintasunezko gizartea izatetik, Brontze Aroan gizarte jerarkizatua izatera pasa zen.