“Dolmenen Ibilbidea: historiaurrean zehar ibilaldia” hitzaldia, Elgoibarren eta Soraluzen
“Dolmenen Ibilbidea: historiaurrean zehar ibilaldia” hitzaldia emango dute Elgoibarren eta Soraluzen Jesus Tapia Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoak, Fernando Bazeta EHUko zaharberritzaileak, Ibon Telleria EHUko arkitektoak eta Mikel Aguirre UNEDeko arkeologoak. Elgoibarko eta Soraluzeko Udalek, Debegesa garapen agentziarekin elkarlanean, antolatu dute ekimena.
Dolmenen Ibilbidearen balio arkeologikoa zein pasaia-balioa ezagutaraztea eta joan den udazkenean bertan egin ziren lanen berri ematea dute hitzaldiek helburu.
Elgoibarren, urtarrilaren 25ean izango da hitzordua, Kultur Etxean. Soraluzen, berriz, otsailaren 8an eskainiko dute hitzaldia Udaletxeko Pleno Aretoan.
Arratsaldeko 18:00etan hasiko dira hitzaldiak eta sarrera irekia izango da.
Balio kultural eta arkeologiko handia duen ibilbidea
Dolmenen Ibilbideak balio kultural eta arkeologiko handia du, bertan aurkitzen den historiaurreko ondareagatik: Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak eta trikuharriak, hain zuzen. Giza taldeek horrelako mendilerroak, paisaiaren mugarri nagusi zirenak, aukeratu zituzten hildakoak ehorzteko eta beren lurraldea seinalatzeko. Monumentu megalitikoen bidez utzi diguten ondarea antzinako ehorzte-errituekin lotuta dago.
2012. urteaz geroztik, Bergarako, Elgoibarko eta Soraluzeko Udalak Dolmenen Ibilbidea berreskuratzeko eta balioan jartzeko proiektua ari dira sustatzen, Debegesa garapen agentziarekin elkarlanean.
Azken hilabeteetan egindako lanen artean nabarmentzekoak dira Kerexetaegia Hegokoa trikuharriaren berreraikitzea eta Irukurutzetako trikuharrian hasitako indusketa lanak.