Ehun bat gaztek parte hartuko dute Euskadiko III. Hezkuntza Robotika Txapelketan hurrengo larunbatean, hilak 28, Elgoibarren
- Hirugarren edizio honetarako erronka berriak ezarri dira gazteen artean sormena eta soluzio teknologiko berritzaileak garatzeko gaitasuna sustatzeko.
- Eskualde mailako Gazte Robotika egitasmoaren baitan kokatzen da eta helburua da Debabarreneko haur eta gazteen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikarekiko interesa piztea (STEM bokazioak) modu dibertigarri batean eta talde-lanean oinarrituz.
- Aurtengo txapelketako partaideen %30a neskak izango dira, iazko kopurua bikoiztuz
Euskadiko Hezkuntza Robotika Txapelketaren hirugarren edizioak Debabarreneko 8 eta 16 urte bitarteko 100 bat gazte bilduko ditu datorren larunbatean, hilak 28. Topaketa Elgoibarko Ikastolako frontoian egingo da, goizeko 10:30etatik aurrera.
Elgoibarko Udalak sustatu du, Debegesa Garapen Agentziaren lankidetzarekin, eta hainbat erakunderen laguntza jaso du ekimenak, hala nola, Spri, Gipuzkoako Foru Aldundia, SD Eibar Fundazioa, Laboral Kutxa eta EPC enpresa.
31 talde lehian eta 3 erronka aukeran
Hirugarren edizio honetarako erronka berriak ezarri dira gazteen artean sormena eta soluzio teknologiko berritzaileak garatzeko gaitasuna sustatzeko. Honela, txapelketak hiru kategoria edo erronka izango ditu aukeran: “Rescue”, “1vs1” eta “Space”. Batean zein bestean parte-hartzaileek euren buru-argitasuna eta talde-lanean aritzeko gaitasuna erakutsi beharko dute. Txapelketa robotika arloan espezialista den Doplay enpresak antolatu du.
Guztira txapelketan 8 eta 16 urte bitarteko 100 bat lagunek parte hartuko dute, 31 taldetan banatuta. Hain zuzen ere, hirugarren urtez jarraian urtean zehar Debabarreneko herri ezberdinetan egin diren tailer teknologikoetan parte hartu dute gazteek eta tailer horietan diseinatu eta programatu dituzten robotekin lehiatuko dira.
2017an abian jarri zenetik, Debabarreneko zortzi herrietako 600 bat ikasleek parte hartu dute Gazte Robotika egitasmoaren baitan burutu diren ekintza ezberdinetan. Ildo horretatik, Gazte Robotikak ahalegin berezia egiten du neskatilen parte-hartzea bultzatzeko. Zentzu honetan, aurtengo txapelketako partaideen %30a neskak izango dira, iazko kopurua bikoiztuz
Gazte Robotikak goizeko 10:00etan zabalduko ditu ateak eta 13:00k inguru amaituko da diploma eta errekonozimendu banaketarekin, erronka bakoitzeko hiru talde onenentzat. Sarrera irekia izango da, aretoa bete arte.
STEAM bokazioen interesa piztea da helburua
Txapelketa eskualde mailako Gazte Robotika izeneko egitasmo hezitzailearen baitan antolatu da, Debabarreneko zortzi udalen ekimenez abian jarritakoa. Gazte Robotika proiektuaren helburua da Debabarreneko haur eta gazteen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikarekiko interesa piztea (STEM bokazioak), modu dibertigarri batean eta talde-lanean oinarrituz.
Enpresa industrialen aldetik alor hauetan prestatuta dauden profesionalen eskaria gero eta handiagoa da, eta etorkizunean joera hau handituz joango dela aurreikusten da. Halere, bokazio teknologikoak dituzten ikasleen kopurua ez da maila berean igotzen. Hori dela eta, Gazte Robotika egitasmoak STEM jakintzagaiak Debabarreneko haur eta gazteei hurbiltzea du xede nagusi, industriaren sektoreak datozen urteetan izango dituen erronkei erantzun egokia eman ahal izateko. Testuinguru honetan, Debegesak BPTD eskualde posizionamendu estrategiaren barruan, BPTD Makers izena duen ekimen berri bat jarri du abian. Iniziatiba honek STEAM bokazioak sustatzea du helburu eskualdeko talentua butzatuz.