Eibar hirira eta Arrate ingurura bisita gidatuak abuztuan
Eibarko Udalak urratsak ematen jarraitzen du hiria turismo-helmuga gisa garatzeko. Abuztuan, Debegesarekin elkarlanean, Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza sailak Eibarrera eta Arratera bisita gidatuen egutegia jarriko du martxan. Udako hilabeteetan hiri armagina bisitatzen duten pertsonen eskaerari erantzungo dion turismo-eskaintza antolatzen hastea da helburua.
Hirira egingo diren bisitek bere kaleetan zehar ibilbide historikoa osatzen dute, tren-geltokian hasi eta Untzaga Plazan amaituz, udaletxearen parean. Bisitan, gidak hiria duela 100 urte nolakoa zen erakutsiko du, gaurdaino izandako garapen historikoa azalduz, Eibarko industria edo hiriak II. Errepublikaren aldarrikapenean izan zuen papera ahaztu gabe. Bisitaren gidoia Nerea Alustiza historialari eibartarrak osatu du, hirira egindako bisitetan eskarmentu handikoa. Berak egingo ditu gida lanak, bai Eibarren eta baita Arraten ere.
Eibarko bisita gidatuak abuztuko astearte eta ostiralero izango dira. Ordubeteko iraupena izango dute, 18:30etik 19:30era, eta 5 euroko prezioa izango dute bisitari helduentzat eta 2,5 eurokoa Eibarko heldu bakoitzeko, doan 12 urtetik beherakoentzat eta 65 urtetik gorakoentzat, bisitaren unean NANa aurkeztuta. Euskaraz edo gaztelaniaz egingo dira, izena ematen duten pertsonen arabera.
Arrateko Santutegiaren inguruaren bisita ermitan hasiko da, hiriko bizitza sozial eta erlijiosoan duen eginkizuna eta garrantzi artistikoa aztertzeko. Ondoren, lubakien ingurura eta Gerra Zibilaren Frontearen Interpretazio Zentrora hurbilduko dira, frontea inguru honetan egon zen denborak Eibarren nola eragin zuen ulertzeko. Arrateko bisitaren gidoia Hemeroteca Eibarresa elkarteak egin du, inguruko historian adituak.
Bisita hauek abuztuko igande guztietan izango dira. 10:30ean hasi eta 12:30ak aldera amaituko dira, eta 10 euroko prezioa izango dute bisitari helduentzat eta 5 eurokoa Eibarko heldu bakoitzeko, doan 12 urtetik beherakoentzat eta 65 urtetik gorakoentzat, bisitaren unean NANa aurkeztuta. Euskaraz edo gaztelaniaz egingo dira, izena ematen duten pertsonen arabera.