Eibarko Mogel Isasi ikastetxeak “Eskola Jasangarriaren ziurtagiria” jaso du Eusko Jaurlaritzaren eskutik
Eibarko Mogel Isasi ikastetxeko ikasle, irakasle eta gurasoak 2003. urtetik ari dira buru-belarri Eskolako Agenda 21 egitasmoa lantzen, ikasleen artean jasangarritasunaren aldeko heziketa bultzatzen, Debegesa Garapen Agentzia eta Ingurugelaren laguntzarekin. Besteak beste, urte hauetan guztietan honako gai hauek landu dituzte: hondakinak, ura, Deba ibaia, energia, klima aldaketa, kontsumo iraunkorra eta mugikortasuna. Ikastetxeak bloga ere badu Interneten, gai hau lantzeko, “Agenda21 Mogel Isasin:” https://mogelisasiag21.wordpress.com/
Azpimarratzeakoa da, gainera, egitasmo honen baitan Mogel Isasi ikastetxeak burutu dituen jarduera guztietan ikasleen partaidetza aktiboa sustatzearen alde egindako apustua.
Lan horrek guztiak izan du emaitza. Aste honetan jakin dugunez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Ingurumen Sailek Eskolako Agenda 21 programa era bikain batean garatzeagatik Eskola Jasangarriaren Ziurtagiria eta horren erakusgarri den bandera zuria eman dizkio Eibarko Mogel Isasi ikastetxeari.
Errekonozimendua hiru urterako da, eta hiru urte hauek gainditu ondoren, errekonozimendua berritu egin beharko du ikastetxeak.
Zalantzarik gabe, errekonozimendu hau akuilu garrantzitsua da jasangarritaunaren aldeko lanean aurrera jarraitzeko.