Eibarko Udalaren ekimenez, 45 urtetik gorako pertsonei eta ahultasun-egoeran dauden emakumeei zuzendutako bi programa ari da ematen DEBEGESA
Eibarko Udalak langabezia egoeran dauden gizon-emakumeei zuzendutako bi programa jarri ditu martxan. Bata 45 urtetik gorako pertsonei dago zuzenduta (‘Esperientzia +45’), eta bigarren programa, aldiz, ahultasun-egoeran dauden emakumeei. Debegesa garapen agentzia ari da ematen bi programak.
“Esperientzia +45” programari dagokionean, hirugarren edizioa da hauxe. 16 lagun ari dira parte hartzen, 8 emakume eta 8 gizonezko, 45 urtetik gorakoak eta gutxieneko bost urteko lan-esperientzia dutenak. Prestakuntza maila ezberdina dute eta sektore ezberdinetatik datoz, hala nola, zerbitzuak, administrazioa edota industria.
Programa honen bidez, partaideen laneratzea lortu nahi da, ibilbide pertsonalizatuen bidez. Helburua da pertsona hauen enplegagarritasuna hobetzeko, bestelako baliabideen artean, beharrezko ezagutza nahiz gaitasun pertsonalak eta profesionalak eskaintzea. Banakako zein taldeko saioen bitartez, lana bilatzeko laguntza jasoko dute, lan mundura sartzea erraztuko dieten erreminten bitartez, eta enpresa-sorkuntzari lotutako formazioa ere landuko dute.
Programa joan den azaroaren 12an hasi zen eta abenduaren erdialdean amaituko da. Behin jarduera formatiboa amaituta, parte-hartzaileei jarraipena egingo zaie euren lan-bilaketan.
“Esperientzia +45” langabezian dauden eta Eibarren erroldatuta dauden 45 urtetik gorakoei zuzenduta dago. Aurreko bi deialdietan, denera, 26 lagunek hartu dute parte eta horietatik 13 lagunek lana aurkitu zuten amaitu eta urtebetera.
Bestalde, azaroaren 5az geroztik, 17 emakume ari dira “Emakumeak lan ibilbideak eraikitzen” deritzon programan parte hartzen. Proiektu honen helburua da emakume parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetzea, lan bilaketan euren ibilbide propioa kudeatzeko gaitasuna handituz, ahalduntze prozesu baten bitartez, bai alor pertsonalean, bai profesionalean.
Parte-hartzaileen profila da langabezian dagoen eta Eibarren erroldatutako emakumea, gizartean ahultasun-egoeran dagoena. Programa hau 2019ko urtarrilean amaituko da.