Ekintzailearen Egunaren bueltan hainbat ekimen jarriko ditu abian maiatzean Debegesak

2011-05-05 Iruzkinik ez
  • Ekintzailearen Eguna maiatzaren
    26an egingo da Debegesaren egoitzan Eibarren.
  • Horrez gainera, autoenplegu
    tailerrak egingo dira hilabete honetan zehar eskualdeko herri gehienetan,
    Herriz Herri izenburupean.
  • Debegesako
    Enpresa-proiektu Berrientzako Laguntza Zerbitzuak 42 enpresa berri eratzen
    lagundu zuen 2010ean.

 

Beste urte batez, Debegesak,
Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteak, Ekintzailearen Eguna burutuko du datorren 
maiatzaren 26an,
pertsona ekintzaileek euren ezagutzak eta esperientziak partekatu ditzaten eta
sormena eta aukera profesional berriak sustatuko dituzten bilgunea eratu asmoz.

Ekintzailearen Egunean Debabarreneko eskualdean enpresa
berri bat sortu nahi dutenen eta dagoeneko ekimen berri bati heldu eta sendotze
bidean direnen arteko harremanak bultzatuko dira. Horiekin batera eskualdeko
enpresari, alkate eta instituzio publikoetako arduradun ezberdinek hartuko dute
parte ekitaldian.

Horrela, hilabete honetan zehar egitarau zabala eta
mamitsua prestatu du Debegesak, besteak beste, autoenplegu tailerrak egingo
dira eskualdeko herri gehienetan maiatzaren 16tik 19ra bitartean. Horrez
gainera, hilabete osoan zehar, Debegesaren egoitzaren harreran autoenpleguaren
eta ekintzailetasunaren gaineko informazio eskuratu ahal izango dute herritarrek
eta, ekintzaileek eskatuta, aholkularitza zerbitzu bereziak eskainiko dira
enpresa berriak sortzen laguntzeko zerbitzuaren eskutik. Era berean, Debegesak
lagunduta Debabarreneko eskualdean sortu diren enpresen gida berria kaleratuko
da.

 

Ekitaldi nagusia maiatzaren 26an

Alabaina, maiatzaren
26an burutuko da Ekintzailearen Eguna ospatzeko ekimen nagusia. Debegesaren
egoitzan egingo da, 18:00etatik aurrera.

Egun
horretarako Enpresen Azoka bat antolatuko da, eskualdean berriki sortu diren
enpresek euren zerbitzuak edota produktuak ezagutzera eman ditzaten.

Bestalde, Mentoring
eta Ekintzailetasunaren gaineko hitzaldia eskainiko du Juan Luis Urcolak,
‘Urcola: Formación y Consultoría’ enpresako arduradunak.

Egun honetarako antolatu diren ekimenetan parte hartu
nahi dutenek izena eman behar dute ekintzaile@debegesa.com helbidera idatziz.

 

Debegesak
42 enpresa sortzen lagundu zuen 2010ean

Debegesako Enpresa-proiektu Berrientzako Laguntza Zerbitzuak
42 enpresa berri eratzen lagundu zuen joan zen urtean. Horietatik 21 Eibarren,
13 Elgoibarren,  3 Mutrikun, 2 Ermuan eta
Soraluzen eta, azkenik, 1 Deban. Enpresaburu berrien %88a 25 eta 45 urte arteko
adinekoa zen. Bestalde, denera 52 lanpostu berri sortu ziren eskualdean.

Guztira, ia 200
kontsulta jaso zituen zerbitzu honek 2010ean.

Debegesak 2011
urtean ere enpresak finkatzen eta sendotzen laguntzeko zerbitzua eskaintzen
jarraituko duo. Helburua egoera zail hauetan enpresak kudeatzen laguntzeko tresnak
eskura jartzea da.