El proyecto europeo Opengela concluye con un nuevo modelo de regeneración urbana que ya se aplica en 10 barrios y se extenderá a otros 14
Hiru urte eta erdiko lanaren ostean, Opengela proiektuaren helburu nagusia bete da: hiri berroneratzeko eredu berri bat ezarri. Eredua Euskadiko 10 auzotan aplikatzen da jada, eta beste 14 auzotara zabaltzea aurreikusten da. Horizon 2020 Europako programak finantzatutako proiektuak ondorio nagusiak azaldu zituen atzo, azaroak 17, Bruselan, Eskualdeetako Komitean egindako ekitaldi batean.
‘The power of One-Stop-Shops’ (Lehiatila bakarren boterea) tituluaren baitan, Marta Martínek, Eusko Jaurlaritzak Bruselan duen ordezkariak, eta proiektuaren buru den eta Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendaria den Ignacio de la Puertak parte hartu zuten. Gainera, Txari Vallejok (Bilboko Udal Etxebizitzak) eta Esther Zarrabeitiak (Debegesa) parte hartu zuten, bi proiektu pilotuen garapena azaltzeko, Otxarkoaga (Bilbo) eta Txonta (Eibar).
Opengela proiektu europarrak hasieran proposatutako helburuak lortu ditu, eta, batez ere, Europako Batzordeak finantzatzen dituen proiektuei eskatzen dien eskakizun garrantzitsuenetako bati erantzun dio: eredu sendo eta errepikagarri bat sortu, denboran zehar jarraituko duela ziurtaraziz.
Proiektuak iraun duen bitartean, bi pilotuen auzo-bulegoek 780 pertsona lagundu dituzte, eta teknikari eta administrarien laguntzari esker, eraikinak birgaitzeko prozesuak abiatu dituzte 469 etxebizitzetan. Berritzeko esku-hartzeek auzokoen bizi-kalitatea era nabarmenean hobetzea lortu dute. Alde batetik, instalazioetan jarduerak egin dira irisgarritasuna hobetzeko (igogailuak instalatzea, atariak berritzea) eta suteen aurkako segurtasun-sistemak instalatzeko. Eta, beste alde batetik, hobekuntza energetikoak egin dira (fatxaden isolamendua, galdaren instalazioa, leihoen aldaketa…), etxebizitzen kalitate- eta erosotasun-baldintzen funtsezko hobekuntzan eragin zuzena izan dutenak, barneko airearen kalitatea nabarmen hobetu baita.
Hobekuntza horien ondorioz, energia jasangarrian 9,6 milioi euroko inbertsioa egin da, urtean energia-eskaera 3,9 GWh baino gehiagoan aurreztea lortu da, 758 t/urteko CO2 isuriak aurreztu dira, eta 3,2 milioi euroko inbertsio pribatua mobilizatu da.
Bestalde, proiektuak Opengela ereduaren berariazko sistema baten bidezko finantzaketa erraztu du, batez ere kalteberatasun-arriskuan dauden pertsonei arreta emateko. Horretarako, laguntza publikoak finantzatzeko bi urteko kreditu-lerroak sortu dira, jabeen erkidegoentzako finantzaketa erraztu da, eta finantzaketa lortzeko adin-muga 70 urtera arte luzatu da (lagundutako pertsonen batez besteko adina 58 urtetik gorakoa da), besteak beste.
Proiektu eskalagarria eta errepikagarria
Ignacio de la Puertak azaldu duen moduan, Opengela proiektuarekin lortutako esperientziari esker, auzokoen bizi-kalitatea hobetzeaz gain, “kudeaketa-eredu berri bat garatu ahal izan da, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako herrialdeetara zabaldu ahal izango dena, hainbat helbururekin: herritarren artean pobrezia energetikoaren arriskua murriztu, energia-balantze zero duten auzoak sortu eta irisgarritasun unibertsala duten auzo lagunkoiak sortu parke eraikian eta hiri-inguruetan, karbono-hustubide bihur daitezkenak, klima-aldaketaren ondorioak arintzen eta horietara egokitzen laguntzeko”.
Formularen arrakastak beste udalerri batzuetara hedatzea ekarri du, hala nola, Lasartera (Basaundi Bailara) eta Durangora (Aramotz), bai eta Pasaiara (Andonaegi), Abando-Zierbenara (Las Peñucas), Santurtzira (Aurora Vildósala), Trapagaranera (San Andres auzoa), Urduñara (Dolores Madaria eta Landata) eta Amurriora (Goikolarra).
Gainera, Euskadin, beste 14 auzo daude ezarpenaren lehen faseetan. Araban, Gasteizko Zaramaga auzoan lan egingo da. Bizkaian, Bilboko hiru auzo desberdinetan (Parroco Unzeta, Urizar dorrea eta Uretamendi), Bermeon (Iparragirre eta Txibitxiaga) eta Sestaon (Vista Alegre). Eta Gipuzkoan, Arrasaten (Santa Teresa auzoa), Donostian (Altza), Eibarren (Gabilondoren semeak), Elgoibarren (Sigma etxebizitzak), Errenterian (Beraun), Leaburun (Txarama), Soraluzen (Ezozia) eta Irunen.
Europa mailan, Frantziako (Picardie-Pass e Île-de-France énergies), Irlandako (Tipperary-SuperHomes), Italiako (Sharing Cities – Milán) eta Austriako (RecoBooster – Viena) bestelako “One-Stop-Shop”-ekin esperientziak elkarbanatzeaz gain, bestelako lekuetan ere interesa sortu du hiri-berroneratze proiektuak. Horren adibide dira Kroaziako bi eskualde (alde batetik Medjimurje eta bestetik Varazdin, Koprivinca-Krizevci eta Virovitica-Podravina konderriak), Poloniako bat (Mazovia), Greziako bat (Salonica), Espainiako Extremadura eta Asturias, eta hiru konderrietan kokatutako erakunde irlandar bat (Carlow, Kilkenny eta Wexford). Horiek guztiek Opengelako auzo pilotuak bisitatu dituzte eredua errepikatzeko ideiarekin.
Jarduera egokien bestelako kasuak ezagutzeko tartea ere egon da, hala nola, AGREE (Eusko Jaurlaritzak burututako proiektua), ComAct (Europa Ekialdeko hainbat herrialdetan ezarritako hiri-berroneratze proiektua) eta Renowatt (Belgikako Valonia eskualdean ezarritako proiektua). Jardunaldiaren bigarren zatian Julien Dijol (Etxebizitza Sozialerako Europako Elkartea, Housing Europe, Opengelako bazkide ere badena) eta Amélie Ancelle (Energy-Cities, energia iraunkorrerako hirien europar elkarketa) aritu ziren.
Lankidetza publiko-pribatuaren adibidea
Lankidetza publiko-pribatuaren adibide den Opengela proiektu europarra 2019ko maiatzean abiatu zen. Eusko Jaurlaritzaz gain, beste erakunde publiko batzuek parte hartu dute honetan, Energiaren Euskal Erakundea (EEE), Bilboko Udal Etxebizitzak eta Debegesa esaterako. Bai eta Europa mailako bi erakunde (FEDARENE eta Housing Europe) eta finantzaketan (GNE Finance), komunikazioan (Gabineteseis) eta Europako gaietan (Zabala) espezializatutako enpresak.