‘Elgoibar Ekinean’, ekintzailetasuna sustatzeko tailerra egingo da martxoan Elgoibarren
Elgoibarko Udalak eta Debegesa garapen agentziak antolatuta, doako tailer berri bat egingo da Elgoibarren gaitasun ekintzailea duten herritarrei zuzenduta. Datorren astelehenean, martxoaren 10ean, emango zaio hasiera eta izena emateko epea zabalik da dagoeneko.
‘Elgoibar Ekinean’ izenburupean, egitasmo honekin autoenplegua sustatu nahi da Elgoibarren, ideia berrien sorrera bultzatu eta ekiteko pausoak eskaini. Ekimen hau iaz egin zen lehendabiziko aldiz eta, emaitza onak ikusirik, errepikatzea erabaki dute antolatzaileek. Orduan 9 lagunek parte hartu zuten, denak langabeak, eta 3 proiektu edo negozio-ideia sortu ziren, egun garapen prozesuan daudenak, Debegesaren laguntzarekin.
Tailerra guztiz doakoa da eta jarrera edota gaitasun ekintzailea duen orori dago zuzenduta. Ez da beharrezkoa, gainera, aurrez negozio ideia bat definituta izatea. Ikastaroa hurrengo egunetan eskainiko da: martxoak 10, 12, 14, 17, 19 y eta 21, 9:30etik 13:30era, Elgoibarko Kultur Etxean. Tailerra Debegesa Debabarreneko garapen agentziako teknikariek emango dute.
Sei saio hauetan zehar, ekintzaileei bidea erakustea eta ideia bat daukatenetik martxan jartzeko prozesuan beharrezkoak dituzten tresnak eta ezagutza euren esku jartzea izango da helburua.
Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete 943 82 01 10 telefonora deituz (Vanesa Hortas), ekintzaile@debegesa.com helbidera idatziz edota www.debegesa.com webgunearen bitartez.