‘Elgoibar Ekinean’ ekintzailetza ikastaroa martxoaren 24an hasiko da, apirilaren 4ra bitarte

2014-03-10 Iruzkinik ez

Elgoibarko Udalak eta Debegesa garapen agentziak antolatuta, doako tailer berri bat egingo da Elgoibarren gaitasun ekintzailea duten herritarrei zuzenduta. Hasiera batean martxoaren 10ean hastekoa zen ekimena baina martxoaren 24ra atzeratu da, izena emateko epea luzatu eta jende gehiagori aukera emateko.

Elgoibar Ekinean’ izenburupean, egitasmo honekin autoenplegua sustatu nahi da Elgoibarren, ideia berrien sorrera bultzatu eta ekiteko pausoak eskaini.

Tailerra guztiz doakoa da eta hurrengo egunetan emango da: martxoak 24, 25, 28, 31 eta apirilak 2 eta 4, 9:30etik 13:30era, Elgoibarko Kultur Etxean. Tailerra Debegesako teknikariek eskainiko dute. Sei saiotan, ekintzaileei bidea erakustea eta ideia bat daukatenetik martxan jartzeko prozesuan beharrezkoak dituzten tresnak eta ezagutza euren esku jartzea izango da helburua.

Ekimen hau iaz egin zen lehendabiziko aldiz eta, emaitza onak ikusirik, errepikatzea erabaki dute antolatzaileek. Orduan 9 lagunek parte hartu zuten, denak langabeak, eta 3 proiektu edo negozio-ideia sortu ziren, egun garapen prozesuan daudenak, Debegesaren laguntzarekin.

Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete 943 82 01 10 telefonora deituz (Vanesa Hortas), ekintzaile@debegesa.com helbidera idatziz edota www.debegesa.com webgunearen bitartez.