Elgoibarko Olasogain Berritzen birgaitze integraleko programaren lanak erritmo onean doaz aurrera
Irailean hasi ziren Sigmako etxebizitza eraikinak osorik zaharberritzeko lanak, eta 2025eko urrian amaitzea espero da.
Joan den irailean hasi ziren Olasogain Berritzen 2022-2025 programari atxikitako eraikinak birgaitzeko lanak. Programa horretan elkarlanean ari dira Elgoibarko Udala, Eusko Jaurlaritza eta Debegesa, Debabarreneko Birgaitzeko Hirigintza Elkartea gisa.
Eulogio Estartako 1-2-3-4, 5-6 eta 9 etxebizitza-eraikinetan egingo den jarduketaren barruan sartzen da igogailua instalatzea eta energia-eraginkortasuna hobetzea, horretarako, SATE sistema instalatuko da eta arotzeriak eta galdarak ordezkatuko dira. Hala, lehen mailako energia ez-berriztagarriaren kontsumoaren % 60 baino gehiago aurreztuko da. Era berean, lehendik zeuden balkoiak handitu eta lehen ez zituzten etxebizitzetan berriak egingo dira. Arkhiru arkitektura enpresak idatzi du proiektua, eta SEOM Rehabilitadores enpresa ari da lanak egiten.
Era berean, berrurbanizazio-lanei ekin zaie eta euste-horma bat eraikitzen ari dira. Horrela, 5. eta 6. atarien aurreko espazioa handitu ahal izango da igogailuak instalatu ahal izateko. Girder ingeniariak idatzi du proiektua, eta Urbycolan enpresa ari da lana hauek egiten.
Proiektuak Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren 2022-2024 Inbertsio Estrategikoen Erakunde arteko Planaren barruan daude, eta 2.96 milioi euroko dirulaguntza du guztira.
“Hurbileko bulegoaren’ eredua
Olasogain Berritzen proiektua Opengela ereduan oinarritzen da. SIGMAren eskola zaharretan dagoen Olasogain Opengela bulegoa Debegesak kudeatzen du, udalarekin sinatutako lankidetza hitzarmenari esker. Olasogain Opengela hurbileko bulego lanak egiten ditu bizilagunak artatzeko, eta auzoko eraikinak osorik birgaitzeko prozesuarekin lotutako kudeaketak zentralizatzen ditu.
Era berean, informazioa, aholkularitza eta laguntza ematen zaie Olasogaineko bizilagunei, beren etxebizitzen barruan birgaitze-lanak sustatu nahi dituztenean, jaso ditzaketen dirulaguntzen inguruko informazioa eskainiz.