Elgoibarko Udalak eta Debegesak Jardunbide Egokienei Udalsarea 21 Sari bana jaso dute

2012-11-22 Iruzkinik ez

Udalsarea 21ek, Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sareak, atzo banatu zituen Jardunbiderik Egokienei Sariak. Eman ziren bost sarietatik bi Elgoibarko Udalak eta Debegesa Garapen Agentziak (Debabarreneko 8 Udalen izenean) jaso dituzte, Aldaketa Klimatikoa eta Biodibertsitatea kategorietan,   Emugi eta Deba Ibaia Bizigura proiektuengatik, hurrenez hurren.

Sari banaketa ekitaldia atzo egin zen Donostiako Kursaal Jauregian, Euskadiko udalerrientzako Tokiko Agenda 21en IX. Jardunaldiaren baitan.

Elgoibarko Udalaren eta Debegesaren izenean ekitaldian izan ziren: Alfredo Etxeberria, Elgoibarko Alkatea; Juan Ángel Balbás, Debegesako Zuzendari Nagusia; Ricardo Garate eta Bittori Zabala, Elgoibarko Hirigintza eta Ogasun zinegotziak; Mirian Montero, Emugi proiektuaren arduraduna; Idoia Alvarez, Deba eta Elgoibarko Garapen Jasangarrirako teknikaria; Aitziber Cortazar eta Katrin Arzuaga, Debegesako Garapen Jasangarria Saileko arduradun eta teknikaria; eta Natalia Rúa, Ermuko Tokiko Agendaren teknikaria.

Alfredo Etxeberria Elgoibarko Alkateak eta Juan Angel Balbas Debegesako Zuzendari Nagusiak Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoko Zuzendari Fernando Barrenechearen eskutik jaso zituzten sariak.

Proiektu irabazleak

Emugi ekimena garraio iraunkorrerako egitasmo berritzailea da, Elgoibarko Udalak babestu eta bultzatutakoa, enpresei eta norbanakoei garraio sistema iraunkorra eskaintzen diena, beti ere, Elgoibarko herrigunea zeharkatzen duten ibilgailu astun eta kutsatzaileak murrizteko helburuarekin.

Deba Ibaia Bizigura, berriz, Deba eta Ego Ibaiak berreskuratzeko eta balioan jartzeko programa integrala da, Debegesak (eskualdeko 8 Udalen izenean) eta Uraren Euskal Agentziak sinatutako hitzarmenaren barruan kokatzen dena.

Proiektu irabazleek 3.000 euroko sari bana eskuratuko dute, Euskadiko jasangarritasunaren alde duten konpromisoa jendaurrean aintzat hartzeaz gain.