Energia Jasangarriaren Europako Astean parte hartuko du Eibarko Mogel auzoak
Energia Jasangarriaren Europako Astea dela eta, ‘My Smart City District’ egitasmoaren barruan dauden proiektu europarrek -horien artean, Eibarko Mogel auzoa birgaitzeko proiektu integrala– Ate Irekien Jardunaldiak antolatu dituzte. Ate Irekien jardunaldi hauek erakundeei, entitate publiko eta pribatuei eta, oro har, herritarrei daude zuzenduta, hiri adimentsu edo “smart city” arloko esperientziak eta hiri ezberdinetako auzoetan garatu diren energia eraginkortasunerako proiektuak ezagutzera emateko.
‘My Smart City District’ egitasmoak Europako hainbat programa biltzen ditu, horien artean, ‘ZenN. Nearly Zero Energy Neighborhoods’ deritzona, Grenoble, Malmo, Oslo eta Eibarren burutzen ari diren aktuazioak jasotzen dituena, hain zuzen ere.
Ate Irekien Jardunaldi hauen baitan, Debegesa garapen agentziak eta Eibarko Udalak ekimenak antolatu dituzte hilaren 17rako eta 18rako (asteazkena eta osteguna), Mogel auzoa birgaitzeko proiektu integrala ezagutzera eman eta Debabarreneko zein EAEko beste hiri edo auzoetan halako proiektuen gauzatzea sustatzeko.
Asteazkena, hilak 17, 18:00etan, Eibarko Udaletxean, Mogel auzoan aurrera eraman den birgaitze proiektuari buruzko ikus-entzunezkoa aurkeztuko da. Ikus-entzunezkoak auzoak bizi izan duen bilakaera jasotzen du, lanak egin aurreko eta ondorengo irudiekin, eta proiektuan parte hartu duten erakunde eta norbanakoen testigantzak jasotzen ditu: bizilagunak, arkitekoen taldea, enpresa eraikitzailea, Eusko Jaurlaritza, Tecnalia, Eibarko Udala eta Debegesa garapen agentzia.
Ikus-entzunezkoak 13 minutuko iraupena du eta Eibarko Udalak eta Debegesa garapen agentziak egin dute, ‘ZenN. Nearly Zero Energy Neighborhoods’ programaren diru-laguntzari esker.
Ikus-entzunezkoaren aurkezpenean izango dira: Miguel de los Toyos, Eibarko alkatea; Ignacio Basañez, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Zuzendaria; eta Juan Angel Balbas, Debegesako zuzendari orokorra, Mogel auzoko bizilagunekin batera.
Ekitaldia irekia izango da. Mogel auzoan egin diren birgaitze lanak ezagutzeko interesa duen herritar orok parte hartu ahal izango du.
Ostegunean, hilaren 18an, goizeko 9:30ean, EAEko Birgaitze Hirigintza Elkarteetako kideek Mogel auzora egingo dute bisita teknikoa, Esther Zarrabeitia Debegesako Hirigintza eta Birgaitze saileko arduradunak lagunduta. Bisitaren ostean, Jubilatuen Ipuruako egoitzan, ikus-entzunezkoa ikusteko aukera izango dute.
ZenN europar programa
Duela zenbait hamarkada Euskadin altxatutako etxebizitza-parkearen ezaugarri nagusietako bat, hauek duten eraginkortasun energetiko txikia da. Horri aurre egiteko, Europan eraginkortasun energetikorako programa bat abiarazi da, ‘ZenN. Nearly Zero Energy Neighborhoods’ deritzona. Mogel auzoa birgaitzeko proiektua barne hartzen du, Grenoble, Malmo eta Osloko beste proiektu batzuekin batera.
Eibarko Udalak, Debegesak, Eusko Jaurlaritzak eta Tecnaliak parte hartzen dute ZenN programa europarrean, bazkide gisa. Aldi berean, ‘ZenN’ programa ‘My Smart City District’ egitasmoaren barruan dago.
Abian da Mogel auzoa birgaitzeko proiektuaren 2. fasea
Eibarko Mogel auzoa birgaitzeko proiektu integralak auzo honetako etxebizitza-eraikinen eraginkortasun energetikoa eta irisgarritasuna hobetzea du helburu.
Lehendabiziko fasean, auzoa osatzen duten 21 atarietatik, 15 eraikinetan egin dira birgaitze lanak, 2013ko ekainean hasi eta 2014ko abenduan amaituz.
Proiektuari esker, honako hobekuntza hauek egin dira eraikin hauetan guztietan: igogailuen instalazioa, eraikinen isolamendu termikoa hobetzeko etxaurrea eta teilatuen birgaitzea eta ur beroarentzako eguzki-plaken eta akumuladore zentral baten instalazioa. Hobekuntza hauekin nabarmen hobetu da etxebizitza-eraikinen eraginkortasun energetikoa.
Proiektuaren lehen faseak, funts publikoak eta pribatuak ditu, guztira, 5,2 milioi euro. Horietatik 2.131.950 euro Eusko Jaurlaritzak eman ditu eta 660.000 euro ZenN proiektu europarrak. Eibarko Udalak ere diruz lagunduko du, igogailua jartzera eta fatxada birgaitzera bideratzen dituen diru-laguntzen bitartez. Ekitaldi honetako udal-aurrekontuetan 200.000 eurotako partida bat aurreikusi da diru-laguntza hauei aurre egiteko. Deialdia matxan dago eta eskaerak egiteko epea azaroaren 14rarte zabalik egongo da.
Egun, proiektuaren bigarren fasea dago martxan, bere garaian proiektuarekin bat egin ez zuten 5 atariei zuzenduta. Izan ere, 5 atari hauetako bizilagunek iritziz aldatu dute eta, Debegesaren eta Eibarko Udalaren laguntzarekin, Eusko Jaurlaritzako Renove programaren bitartez diru-laguntza eskatu dute, euren eraikinetan birgaitze lanak aurrera eraman ahal izateko.