Enplegu Anezkek lan-merkaturatzea bideratzen laguntzen diete Gipuzkoako gazteei
Debabarreneko eta Oarsoaldeako Enplegu Anezkak apirilaren 18an hasi ziren martxan, Santa Maria la Real fundazioak, Telefonica fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta, gazteen langabeziari aurre egiteko estrategia berri gisa. Ekimenak Debegesa eta Oarsoaldea garapen agentzien lankidetza eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantziazioa du.
Hiru hilabeteren ostean, bi anezketan parte hartzen ari diren gazteak Eibarren elkartu dira, taldean lan eginez lantzen ari diren lan bilaketa berriaren inguruan esperientziak elkarbanatzeko. Prozesuaren baitan, lana bilatzeko tresna berriak ezagutu eta euren trebetasunak indartu dituzte, enpresen beharretara, sortzen diren lan-profil berrietara eta langileen hautaketa-proba berrietara egokitzeko.
Bilakaera esperimentatua
Topaketak balio izan du, halaber, bi taldeak burutzen ari diren jardueren hasierako balantze bat egiteko. Vanesa Hortas eta David Freire teknikari-arduradunek adierazi dute adimen emozionaleko saioak egin dituztela lan-merkatura sartzeko euren jarrera hobetze aldera; curriculuma eguneratzeko tailerrak, sare sozialen erabilera edota lan-elkarrizketen entrenamendua.
Ondoren, azaldu dute bi taldeek enpresa baten antzera funtzionatzen dutela eta departamentuka antolatzen direla. “Bakoitzak bere funtzioa dauka, baina denak daude elkarkonektatuta, parte-hartzaileek taldean lan egin dezaten modu errealean eta lan-bilaketa antolatua, koordinatua eta eraginkorragoa egiteko. Honela, enplegagarritasunaren mapa egiten ari dira, enpesak arakatuz eta bertara deituz, bisitak eta bitartelaritza prozesuak hitzartzeko”, azaldu dute teknikariek.
Lehen txertatzeak
Denbora honetan, 18 parte-hartzailek lana aurkitu dute sektore ezberdinetan: administrazioa, merkataritza, ostalaritza, produkzioa, hezkuntza edota eraikuntzan, besteak beste. “Kopurua behin-behinekoa da, hazten joango baita datozen asteetan, taldeek enpresekin duten harremana indartzen joan ahala, bitartekaritza prozesuak hitzartu ahala” esan du Soraya de las Siasek.
Proiektu berritzailea
Langabeziaren aurkako borrokan erakunde ezberdinen arteko lankidetza publiko-pribatua nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza Zuzendari Garikoitz Agotek, “proiektu berritzaile bat abiaraziz, enplegu bilaketa metodologia ezberdin batekin lantzen duena, metodo kolektiboa, taldekakoa; printzipio sendo eta garrantzitsuetan oinarritua, hala nola, elkartasuna, komunikazioa, talde-lana, etabar.”.
Era berean, gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburuetako bat dela ekonomia suspertzea eta kalitatezko enplegua sortzea. “Kasu honetan, proiektuak erakutsi du enplegua sustatzea ahalbidetuko duela langabeziak bereziki zigortu dituen bi eskualdetan, bereziki gazteen artean. Etorkizunera begira, Aldundi honek kolaboratzen jarraituko du geure gazteei enpleguaren bilaketan laguntzeko prest daudenekin”.
Arrakastatsua
Telefonica fundazioko Enplegagarritasun Programetako arduradun Matias Figueroak gogorarazi du bi anezka hauek Santa Maria la Real fundazioak eta Telefonica fundazioak estatu osoan martxan jarriko dituzten 145 anezken artean daudela, Europako Gizarte Funtsaren kofinantzazioarekin.
“2014an eta 2015ean martxan jarritako anezken esperientziak erakutsi du proiektu honek langabeziaren arazoari eraginkortasunez erantzuten diola, laneratze emaitzek, %60tik gora, langabezia bezalako arazo latz baten aurka lan egitera animatzen gaituzte. Anezkak artikulazioaren adibide dira, non erakunde publiko eta pribatu ezberdinak elkartzen diren helburu bakar batekin, enplegagarritasuna hobetzea eta kontratazio aukera errealak sustatzea”.
Elkarrizketa EtaKitto: Iñigo Rodriguez eta Amaia Trokaola, Debabarreneko Enplegu Anezkako kideak.