Enpresa ekimen berrien sorrera sustatzeko doako trebakuntza ikastaroa antolatu dute Mutrikuko Udalak eta Debegesak maiatzerako

2019-04-03 Iruzkinik ez

Enpresa berrien sorrera eta ekintzailetza sustatu eta laguntzeko helburuarekin, Mutrikuko Udalak eta Debegesa garapen agentziak doako trebakuntza ikastaroa antolatu dute mutrikuarrei zuzenduta.

Enpresa edo negozio propioa abian jarri nahi duten herritarrei dago zuzenduta egitasmoa. Ez da beharrezkoa aurrez negozio-ideia bat izatea. Ikastaroaren baitan, partaideen sormena sustatuko da eta sektore berrien inguruko xehetasunak azalduko dira, negozio ideia berriak sortze aldera. Ekintzaileei bidea erakustea eta ideia bat daukatenetik martxan jartzeko prozesua zein den erakustea izango da helburua. Euren proiektuak bideratzeko banakako aholkularitza ere jasoko dute.

Ikastaroa maiatzaren 6tik 10era eskainiko da, 15:30etik 19:30era, ZuEkin gunean (Konde kalea, 18). Guztira, 20 orduko prestakuntza izango da eta Debegesako teknikariek emango dute. Parte hartzea doakoa da.

Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman behar dute 943 82 01 10 telefonora deituz (Jone Txurruka), edota berrikuntza@debegesa.eus helbidera idatziz.

 

Ekintzailetzari buruzko hitzaldia, maiatzaren 2an

Enpresa-sorrera ikastaroa hasi aurretik, maiatzaren 2an, 18:30ean, ekintzailetzari buruzko hitzaldia egingo da Zabiel Kultur Etxean, “Ekintzailetza? Eta zergatik ez?” izenburupean, Mutrikuko Udalak eta Debegesak antolatuta.

Bi emakume ekintzailerekin solasteko aukera izango da: Ainara Garcia (@ainaraga), Interneteko eduki sortzailea, eta Aitziber Badiola (@aitzibadi), Irudi Aholkularia eta Personal Shopper-a. Emakume ekintzaile hauen eskutik, euren esperientzia gertutik ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, eta prozesuan bizi izan dituzten zailtasunen inguruan galdetzeko aukera izango dute, besteak beste.

Aurrez izena emateko interesa dutenek 943 82 01 10 telefonora dei dezakete edo berrikuntza@debegesa.eus helbidera idatzi.

 

Mutriku Ekinean