Enpresa txiki eta ertainen nazioartekotzeari buruzko jardunaldiak eskainiko ditu Debegesak

2012-05-04 Iruzkinik ez

Debabarreneko enpresa txiki eta ertainei kanpoko merkatuetara zabaltzeko aukera erraztu asmoz, datozen asteetan hainbat jardunaldi eskainiko ditu Debegesak gai hau ardatz harturik.

 

Lehenego saioa maiatzaren 11an izango da. “Nazioartekotze estrategiak ETEentzat” izenburupean eta Elkano Consulting aholkularitza-enpresaren eskutik, enpresa txiki eta ertainen nazioartekotze prozesuei buruzko alde praktikoak izango ditu aztergai saioak, oztopoak eta aukerak kontuan hartuz, eta prozesu hauek sustatzeko ideia eta tresnak proposatuz.

 

Hitzaldia goizeko 9:00etan hasiko da eta 2 orduko iraupena izango du gutxi gorabehera. Iban Unzueta, Elkano Consulting enpresako Zuzendari Bazkidea arituko da hizlari. Izen ematea guztiz doakoa da.

 

Jardunaldi hauen bigarren saioa maiatzaren 18an egingo da, “Nazioartekotzea eta arriskuen kudeaketa” izenburupean. Azkenik, ekainaren 8an eskainiko da hirugarren jardunaldia, kanpo proiektuetarako finantzazioari buruzkoa.

 

Jardunaldi hauek Valora programaren baitan kokatzen dira eta Europako Gizarte Funtsak %50ean finantzatuak daude, Euskadiko 2007-2013 programa operatiboaren bitartez.

 

Parte hartu nahi dutenek, izena eman dezakete on-line www.debegesa.com webgunean, 943 82 01 10 telefonora deituz edota pymes@debegesa.com helbidera idatziz.

 

ETEen nazioartekotzea sustatzeko akordioa

Ildo honetan, Debegesak hitzarmena sinatu du Elkano Consulting aholkularitza-enpresarekin. Helburua Debabarreneko enpresei nazioartekotze prozesuaren gaineko aholkularitza zerbitzua eskaintzea da.

 

Gainera, lankidetza hitzarmen honen bitartez, enpresek doan jaso ahal izango dute nazioartekotze-potentzialaren aurretiazko diagnostikoa.

 

Informazio gehiago nahi duten enpresek Debegesako Enpresa eta Berrikuntza Sailarekin jar daitezke harremanetan 943 82 01 10 telefonora deituz edo pymes@debegesa.com helbidera idatziz.

 

SME Forum sarea

Halaber, Debabarreneko enpresek SME Forum Europar sarearekin bat egiteko aukera dute. Sare honen bitartez, Debabarreneko industria arloko enpresen lehiakortasuna sustatu nahi da, Europako beste eskualde batzuetako enpresekin harremanetan jarriz eta kanpoko merkatuetara zabaltzen lagunduz. Informazio gehiago www.sme-forum.eu webgunean

 

Europar Sare honekin bat egin nahi duten enpresak Debegesarekin jar daitezke harremanetan pymes@debegesa.com helbidera idatziz edo 943 82 01 10 telefonora deituz.