Enpresan energia kontsumoaren kostua murriztera bideratutako jardunaldi praktikoa Debegesan
Debegesa garapen agentziak doako jardunaldia antolatu du datorren ostiralerako, azaroak 21, 9:00etatik 11:00etara, “Nola murriztu energia kontsumoaren kostua enpresan” izenburupean. Jardunaldia Debabarreneko enpresa txiki eta ertainei dago zuzenduta.
Jardunaldi honen helburua da faktura energetikoa osatzen duten elementu desberdinak azaltzea, denentzat ulergarri egiteko eta ahalik eta gehien optimizatzeko. Javier Reche, EDE Ingenieros enpresako aholkularitza arloko arduraduna arituko da hizlari.
Jardunaldiaren aurretik, interesa duten enpresek teknikari-aditu baten bisita jaso ahal izango dute enpresan, dohainik, zein motatako kontsumitzaileak diren eta euren kontsumo ezaugarriak ezagutze aldera. Bisita jardunaldiaren aurreko egunean egingo da, ostegunean, azaroak 20, alegia.
Parte hartu nahi duten enpresek izena eman dezakete on-line www.debegesa.com atarian, 943 82 01 10 telefonora deituz edota pymes@debegesa.com helbidera idatziz. Plazak mugatuak dira.
Jardunaldia Debabarrena Bultzatuz egitasmoaren baitan kokatzen da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Sailak finantzatua –‘Gipuzkoa Ekintzailea’- eta Eskualde Garapenerako Europako Fondoak %50ean kofinantzatua (Europa egiteko modu bat).