Eraldatze Gunea eta Enpresa Haztegia jendaurrean aurkezteko agerraldia, asteazkenean Mutrikun
Gipuzkoako Foru Aldundiak “Eraldatze Guneen Sarea” aurkeztu berri du, lehen sektoreak bere ekoizpenak eraldatu edo kontserbatu ahal izan ditzan ondoren merkaturatzeko, bitartekaritzarik gabe. Gune horietako bat Mutrikun egongo da.
Lehen bi zentroak udaberri honetan bertan prest izango dira Mutrikun eta Zaldibian. Aldundiak milioi bat euro bideratu ditu sarearen hasiera garatzeko.
Honela bada, Mutrikuko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta Debemen eta Debegesa garapen agentziarekin elkarlanean, Mutriku eta Debabarrena eskualdearentzako garrantzitsua izango den proiektua jarriko du abian: Mutrikuko Eraldatze Gunea eta Enpresa Haztegia.
Hilaren 28an, asteazkenean, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko agerraldi publikoa egingo da Mutrikuko Zabiel Kultur Etxeko hitzaldi aretoan, arratsaldeko 19:00etan. Bertan proiektuaren helburuak, epeak, inbertsioaren nondik norakoak, kofinantzazioa eta proiektuaren beste hainbat zehaztasun aipatuko dira.
Ekitaldian parte hartuko dute:
- Joseba Palenzuela, Mutrikuko Alkate jauna
- Pedro Iturbe, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Garapeneko Zuzendaria
- Koldo Lizarralde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaria
- Agurtzane Etxaniz, Debemen Debabarrenako Landa Garapen Elkarteko Zuzendaria