Eskolako Agenda 21 Eibarren, mugikortasun jasangarriago baten alde

2012-05-30 Iruzkinik ez

Gaur, goizeko 10:00etan, Udaleko zinegotziek harrera egin diete Udalbatza aretoan Eskolako Agenda 21 egitasmoan parte hartu duten Eibarko 10 ikastetxeetako ikasleei.

 

Debegesako Garapen Iraunkorrerako Sailaren koordinaziopean, aurtengo ikasturtean Debabarreneko ikastetxeetan MUGIKORTASUNA izan da landutako gaia. Eibarren LH_Amaña, Urki, Urkizu, San Andres, La Salle Isasi, J.A Mogel, DBH Itzio, Mogel Isasi, La Salle Azitain eta Batxilergoa_Uni Eibar-Ermua ikastetxeek hartu dute parte egitasmoan. Guztira, 3.000 inguru ikaslek.

 

Gai hau lantzeko hainbat ekintza burutu dituzte ikastetxeetan. Besteak beste, ikasleak kalera atera dira eta Eibarren dauden mugikortasun arazoak aztertu dituzte. Horretarako, kaleen irisgarritasuna aztertu dute, gidarien jarrera oinezkoen pasabideetan, eskolara joateko erabiltzen duten bidea, trafikoak ateratzen duen zarata neurtu dute eta elbarrituen azalean jarri dira gurpildun aulkian Eibarko kaleetan zehar ibiliz.

 

Halaber, diagnostikoa egiten laguntzeko eta zalantzak argitzeko, martxoaren 28an Eibarko ikasleen ordezkari talde bat udal teknikariekin bildu zen Portalean. Bertan, udaltzainek zein udaleko hirigintzako teknikariek herriko mugikortasuna hobetzeko plana azaldu zieten, baita egunero sortzen diren arazoak zeintzuk diren eta arazo horiek konpontzeko hartzen diren neurriak.

 

Herriko diagnostikoa eginda, ikasleak konturatu dira Eibarren oinezkoek hainbat oztopo dituztela eta kale askotan autoei lehentasuna ematen zaiela. Gainera, eskolako bideetan zenbait puntu beltz eta arriskutsu aurkitu dituzte, Itzio eta Amañako ikastetxeetan, esaterako.

 

Gaur goizean egin duten Udalbatzarrean, Eskolako Agenda 21 proiektuan parte hartzen duten 10 ikastetxeetako ikasleen ordezkariek, beraien konpromiso eta proposamenak aurkeztu dituzte, Eibarko mugikortasuna hobetze aldera eta herria jasangarriagoa izan dadin. Besteak beste, hurrengo proposamenak eraman dituzte:

 

  • Herriko gune batzuetan zebrabideak jartzea.
  • Herrian dauden oztopoak kentzea.
  • Herrian bigarren ilaran aparkatzea debekatzea.
  • Kotxeak gaizki aparkatzen ez uztea, arriskutsua baita, batez ere, zebrabide ondoan.
  • Bidegorria eta bizikletaz ibiltzeko eta mugitzeko aukerak eskaintzea.

 

Neurri hauekin guztiekin, ikasleek, Eibarko mugikortasunari dagokionean, oinezkoek lehentasuna izatea eskatzen dute, kalean seguru eta autonomia osoz ibili ahal izatea eta kotxea albo batean uztea.

 

Udal ordezkariek, berriz, ikasleen eskaera eta proposamenak jaso dituzte. Are gehiago, Udalak ikasleei jakinarazi die, martxoan egindako bileraren ondotik, dagoeneko eskaera batzuk aurrera eramaten ari direla. Esaterako, Udalak Itzio, Amaña eta Uni Eibar-Ermua ikastetxeetara joateko eskolako bideak hobetzeko konpromisoa hartu du. Halaber, Azitain eta Amaña arteko bidegorria egingo dela aurreratu du Udalak.

 

Ikasleek egindako eskaera eta proposamen guztiak kontsultatu nahi duenak, informazio osoa du www.debegesa.com/eu/garapen-jasangarria/eskolako-a21 atarian.