Eskolako Agenda 21 programako bilera teknikoa egin zuten atzo Mutrikuko ikasleek
Eskolako Agenda 21 egitasmoaren baitan, atzo, ostegunez, Mutrikuko ikasleek bilera teknikoa egin zuten Udaletxean, aurtengo ikasturtean lantzen ari diren gaiaren inguruan: ura eta Deba ibaia.
Bileran parte hartu zuten Mutrikuko Institutuko eta San Miguel ikastetxeko hamaika ikaslek, ikasle guztien ordezkari, euren koordinatzaileek lagunduta, eta Jose Angel Lizardi alkateak, Udaleko aparejadoreak, URA agentziako 2 ordezkarik eta Debegesa Garapen Agentziako bi teknikarik. Debegesa da, hain zuzen ere, 2002. urtetik hona, Eskolako Agenda 21 egitasmoaren koordinatzailea Debabarreneko eskualdean.
Bileran, ikasleek gaia lantzerako orduan sortu zaizkien galderak egiteko eta zalantzak argitzeko aukera izan zuten, baita Udalak gai honen inguruan aurrera eraman dituen jarduerak ezagutzeko ere. Bereziki, Mijoa errekaren egoerari buruzko galderak egin zituzten ikasleek. Bileran landutakoa lagungarri izango zaie ikasleei ekaineko Udalbatzarrean aurkeztuko duten dokumentua prestatzeko, egindako lanaren emaitza eta ikasleen ekarpenak jasotzen dituena.
Eskolako Agenda 21 Debabarrenean
16 urte daramatza Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, eskualdean Eskolako Agenda 21 egitasmoa sustatzen eta koordinatzen. Eskola-komunitateari zuzendutako garapen jasangarrirako heziketa programa bat da Eskolako Agenda 21. Egitasmoak hiru helburu ditu:
- Ikastetxeak ingurumen eta gizarte jardunbide egokien eredu bihurtzea.
- Ingurumen eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta horiei konponbidea emateko gai diren ikasleak heztea.
- Partaidetza eta ingurumenarekiko errespetua sustatzen duen hezkuntza bermatzea.
Guztira, 27 ikastetxe eta 8.000 ikasle baino gehiago ari dira parte hartzen Debabarrenean Eskolako Agenda 21 programan. Programaren baitan, hezkuntza komunitate osoari zuzendutako ekintzak antolatzen dira, ikasle, irakasle eta familiei.