Eskolako bide seguruagoak Eibarren
Mugikortasun Jasangarriaren Astea ospatu ostean, gaur goizean ekitaldi sinboliko baten bidez Amañako eta Uni Eibar-Ermua BHI ikastetxeetako ikasle eta irakasleek, Udal ordezkariekin eta Debegesako teknikariekin batera, hiru zebra-bide inauguratu dituzte. (ikusi irudiak)
Hain zuzen, Uni Eibar-Ermua BHI ikastetxearen inguruan, Otaola Hiribidean eta Torrekua kalean dauden bi zebra-bide altxatu egin dira, autoen abiadura moteltzeko helburuarekin. Bestalde, Amaña auzoan, eskolarako bide nagusian, Artegieta kalean (Amañako elizaren atzealdean), Udalak altxatutako zebra-bide berria egin du.
Altxaturiko zebra-bide hauei esker, oinezkoen mugikortasuna hobetu egingo da, baita segurtasuna handitu ere. Kontuan hartu behar da, oinezko ugari dabilela inguru hauetan, horietako asko haurrak.
Pasa den maiatzean, Udalak hainbat konpromiso hartu zuen ikasleekin, Eskolako Agenda 21 egitasmoaren baitan, eta orain konpromiso horiek bete egin ditu.
Hain zuzen, 2011-2012 ikasturtean Eibarko ikastetxeek mugikortasun jasangarriaren gaia landu zuten, Debegesa Garapen Agentziaren koordinaziopean. Besteak beste, ikasleek eskolarako bidean topatzen dituzten arrisku eta oztopoen inguruko diagnostikoa egin zuten eta egoera hobetzeko proposamenak luzatu zizkioten Udalari, udalbatza berezi batean. Eskaera hauen artean, kotxeen abiadura moteltzeko neurriak hartzea edota zebra-bide berriak jartzea jasotzen ziren.
Bestalde, azpimarratu behar da, datorren urterako lan berriak burutuko direla, eskolako bideak hobetzeko asmoz, besteak beste, Itzioko bidea hobetzea aurreikusten da.
Egokitzapen lanak Excavaciones Olloquiegui S.A.k egin ditu, 13.290,28 euroren truke.