Europako delegazio bat Eibarren izan da Mogel auzoa birgaitzeko proiektua babesten duen europar programaren baitan

2013-04-24 Iruzkinik ez

Atzo eta gaur, apirilak 23 eta 24, ari da burutzen Tecnaliako egoitzan, Zamudion, “ZenN. Nearly Zero Energy Neighborhoods” izeneko programa europarrari hasiera emateko bilera. Bertan ari dira parte hartzen programa honetako kide diren 4 Proiektuak: Grenoble (Francia), Malmo (Suecia), Oslo (Noruega) eta Eibar.

Eibarko Udala eta Debegesa, Eusko Jaurlaritza eta Tecnaliarekin batera, Europako programa honen bazkide dira, Mogel auzoaren birgaitze integralerako proiektuarekin. Proiektu honek  auzo honetako etxebizitza-eraikinen eraginkortasun energetikoa eta irisgarritasuna hobetzea du helburu.

Mogel auzoan 21 etxe-atari daude guztira eta horietatik 15 atarik egin dute bat proiektuarekin.  Egunotan burutzen ari den bilera hau urrats garrantzitsua da 15 etxebizitza-erakin hauen birgaitzea errealitate bat izan dadin.

Hain zuzen, egitasmoak honako hobekuntza hauek aurreikusten ditu: igogailuen instalazioa, eraikinen isolamendu termikoa hobetzeko fatxada eta teilatuen birgaitzea eta ur beroarentzako eguzki-plaken eta akumuladore zentral baten instalazioa.

Esperientziak elkar trukatzeko bilera honen baitan, atzo arratsaldean 20 lagunek osatutako talde bat Eibarren izan zen. Armagintzaren Museora joan ziren lehendabizi eta han ongi etorria egin zieten Miguel de los Toyos Eibarko alkateak, Debegesako Zuzendari Juan Angel Balbasek eta Mogel auzoko bizilagunen elkarteko kideek.

Museoan Eibarko historia industriala ezagutu ostean, delegazioa Mogel auzoraino gerturatu zen bertako bizilagunen, udal ordezkarien eta Debegesako kideen eskutik. Bertan datozen hilabeteetan abiatuko diren birgaitze lanez gehiago jakiteko aukera izan zuten delegazioko kideek.