Europar Komisioak Deba Business Forum praktika onen artean jaso du
Deba Business Forum, eskualdeko proiektu estrategiko gisa, 2007an abiarazi zuen Debegesa garapen agentziak eta orain Debabarreneko egitasmo hau ezagutzan oinarritutako ekonomia alorrean praktika on gisa nabarmendu du Europar Komisioak.
Deialdia Europar Komisioak egin du Europar Gizarte Funtsaren baitan, ezagutzaren ekonomiari dagozkion Praktika Onak identifikatu eta zabaltzeko asmoarekin. Honela, hautatutako esperientziak web gunera igoko ditu, horien artean, Debabarreneko eskualdean garatutako egitasmoa.
Deialdira aurkeztu diren proiektuak honako irizpideen arabera aukeratu dira:
- Ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+D+i) edota Informazioaren Gizartearen arloan erakutsitako balio erantsia.
- Beste testuinguru batzuetara lekuz aldatzeko ahalmena.
- Izaera berritzailea.
Estatu kide bakoitzeko gehienez 6 proiektu jasoko dira eta ‘Deba Business Forum’ izango da EAEko egitasmo bakarra.
Deba Business Forum, enpresa-lehiakortasuna sustatuz
2007an abiatu zuen Debegesak Deba Business Forum egitasmoa, Enpresa eta Berrikuntza Sailaren bitartez. Egitasmo honek hainbat foro biltzen ditu bere baitan, hala nola, Ekintzailetasunaren Foroa, Industriarako Foroa, Merkataritzarako Foroa eta Turismorako Foroa. Foro hauetan eskualdeko agente ezberdinek hartzen dute parte, enpresa, ekonomia eta heziketa alorreko agenteek eta instituzioetako kideek.
Debabarreneko industriaren aldeko apustuari jarraiki, Debegesak, “Bai Industriari!” ekimenaren baitan, Industriarako Foroa indartu nahi du bereziki, hiru helburu lortzeko: eskualdeko enpresa industrialen arteko ezagutza handitu, Debabarreneko “ahots industrial eta enpresariala” eratzea eta, bereziki, enpresa-dibertsifikazioa bultzatzea lankidetzaren bitartez produktu berrien sorrerari begira.
Debegesako Enpresa eta Berrikuntza Sailaren zuzendaritzapean, ‘Deba Business Forum’ egitasmoak, lankidetzaren bitartez, hamaika ekimenen sorrera ahalbidetu du, baita energia berriztagarrien arloko enpresa berri baten eratzea ere, Deba Energy.
Deba Business Forum Valora Programaren baitan kokatzen da eta Europako Gizarte Funtsak %50ean finantzatua dago, Euskadi 2007-2013 Programa Operatiboaren bitartez.