Euskadik EB-tik 1,7 milioi euro jaso ditu bi hiri-berroneratze egitasmo abian jartzeko, Txonta (Eibar) eta Otxarkoaga (Bilbo) auzoetan
- Egitasmoari Opengela deritzo, eta Horizon 2020 programaren babesa du hiru urtetan zehar. Eredu hau errepikatzea espero da, hamabost bat euskal hiritan lehenik eta, gero, Europako beste lekutan.
- Proiektua Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak burutzen du, eta beste zortzi kidek hartzen dute parte; horien artean, Energiaren Euskal Erakundea eta Bilboko Udal Etxebizitzak eta Debegesa hirigintza sozietateak.
Europako Batzordeak Euskadik hiria berroneratzeko dituen egitasmoei erreparatu die eta Opengela proiektuari 1,7 milioi euro ematea erabaki du. Auzo-bulego kontzeptu berria ekarriko du, froga pilotu gisa aukeratu diren bi auzotan egokituko dena: Otxarkoaga (Bilbo) eta Txonta (Eibar).
Bulego hauek, lehiatila-bakarra bezala arituko direnak, auzokideak artatuko dituzte eta haien etxebizitzen birgaitze prozesuarekin zerikusia duen edozein gestio egiten lagunduko diete: agiriak betetzea eta aurkeztea, lanetan arituko diren gremioekin harremanetan jartzea, dirulaguntzen kudeaketa…
Proiektu pilotuak Horizon 2020 programaren babesa du hurrengo hiru urteetarako. Denbora horretan zehar, bulegoak abian jarriko dira eta eredua hamabost bat euskal hiritan eta, etorkizunean, Europar Batasuneko beste lekutan errepikatzeko formula bilatuko da.
Bulegoek, Opengela izen generikoa izango dutenek, etxebizitzen jabeak orientatuko dituzte dirulaguntzen arloan, lanak abian jar dezaten eta haien bizi-kalitatea hobetu dezaten.
Azken helburua Euskadiko auzo zaharrenetako edo behar gehien dituzten auzoetako eraikinen birgaitze integrala sustatzea da, energia-eraginkortasuna handituz, irisgarritasun handiagoa lortuz eta suteen aurkako segurtasun gutxieneko sistemak ezarriz. Hori guztia gizarte-ikuspuntua galdu gabe, hau da, “pertsonak eta auzokideak ardatz izanik, prozesuaren parte bihurtuz”, azaltzen du Ignacio de la Puertak, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak, egitasmoa burutzen duenak.
Ia 500 etxebizitza Otxarkoagan eta Txontan
Otxarkoagan, Bilbon, bost eraikinen gainean arituko dira lanak, guztira 16 atari eta 240 etxebizitza dituztenak. Lehiatila-bakarra izango duen bulegoa BBK-ren ohiko haurtzaindegian egokituko da. Bertan beste hainbat jarduketak ere jarriko dira abian, merkataritza-zentro zaharraren berrikuntza edo ekintzailetza sustatzeko iniziatibak hutsik dauden lokaletan, esaterako.
Txonta auzoan, Eibarren, energia-eraginkortasuna eta irisgarritasuna ardatz duten birgaitze lanak ere aurreikusi dira. Proiektu pilotuak 17 atarietako 221 etxebizitzetan jarriko da martxan. Auzokideen parte-hartzea lehentasuna izango du.
Esperientza pilotu hauek aurrera ateratzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailari beste zortzi kidek laguntzen diote: bi hirien hirigintza sozietateek (Bilboko Udal Etxebizitzak eta gipuzkoako Debegesa); Energiaren Euskal Erakundeak (EEE); finantziazio-aholkularitzan (GNE Finance), europar kontuetan (Zabala) eta komunikazioan (gabineteseis) espezializatuak dauden enpresek; eta Bruselan finkatutako bi erakunde europarrak: Energiarako eta Ingurumenerako Agentzia eta Eskualdeen Federakuntza (Fedarene) eta Etxebizitza Publikoen, Kooperatiben eta Sozialen Europar Federakuntza (Housing Europe).