Euskal-Kolonbiar Enpresarien Elkarteko Presidente Rodrigo Arizabaletaren bisita jaso du gaur Debegesak
Kolonbiako enpresa-delegazio bat Debabarrenera iritsi da gaur goizean, gure eskualdeko industria arloko enpresa sarearen berri jaso eta interesekoak dituzten sektoreak bertatik bertara ezagutzeko asmoz. Bisita hau Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu du Gipuzkoako Bazkundearen eta Garapenen laguntzarekin.
Delegazio kolonbiarra osatzen duten kideak dira Euskal-Kolonbiar Enpresarien Elkarteko Presidente Rodrigo Arizabaleta, Bogotako Euskal Etxeko Presidente Jose Vicente Catarain, eta Bogotako Merkataritza Ganberako Lehiakortasunerako Presidenteorde Claudia Milena Vaca.
Debabarreneko enpresen ezaugarriak ezagutzera emateko Debegesan bilera egin ostean, Kolonbiako kideek Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkartea ezagutzeko aukera izango dute, bertako Presidente Eneko Astigarraga (Eibarko CodeSyntax enpresako bazkide zuzendaria) eta Eunate Ramirez Gerentearen eskutik.
Halaber, hainbat enpresa bisitatuko dituzte Elgoibarren, hala nola, Danobat, Ojmar eta Cometel.
Gainera, bazkalorduan, eskualdeko ordezkari politikoekin eta industria arloko enpresekin hitz egiteko aukera izango dute. Besteak beste, parte hartuko dute ABC Compressors, Hadimek eta Pascual Churruca enpresako kideek.
Debabarrenean hitzorduen agenda bete ostean, Kolonbiako delegazioak hurrengo egunetan Gipuzkoako beste eskualde batzuk ezagutuko dituzte.