Euskal Kostaldeko Geoparkea Europar Sarean sartzea aitortzen duen ziurtagiriaren emate-ekitaldia izango da abenduaren 15ean

2010-12-13 Iruzkinik ez

Datorren
asteazkenean, abenduaren 15ean, Deba, Mutriku eta Zumaiako udalek, Geogarapen
Elkarteko gainerako kideekin batera (Euskal Kostaldeko Geoparkearen kudeaketarako
Elkartea),
Geoparkeen Europar Sarean eta Sare Globalean sartzea aitortzen dien ziurtagiria
jasoko dute.

Era berean, ekitaldian parte hartuko dute Euskal Kostaldeko hautagaitzari
babesa eskaini dioten erakundeak eta pertsonak, baita Geoparkearen lan-taldeak
osatzen dituzten profesionalak ere.

Ekitaldia
eguerdiko 13:00ean izango da Debako Udaleko Pleno aretoan, eta
bertan izango da Guy Martini geologo frantsesa. Hain zuzen, Martiniren eskutik
jasoko dute hiru udalerriek aipatu ziurtagiria, Europar Sarearen eta Sare
Globalaren izenean.

Guy
Martini, geologoa eta Haute Provence frantziar Geoparkeko Zuzendari
Zientifikoa, Sarearen Aholkularitza Batzordeko eta Koordinazio Batzordeko kide
nabarmena da. Geoparkeen proiektuak oinarrian duen marko teorikoaren garapenean
ekarpen gehien egin duen pertsona da Martini.

Hiru udalerri hauek aurkeztutako hautagaitzak,
EUSKAL KOSTALDEKO GEOPARKEAREN PROIEKTUA izenburupean, UNESCOren eta Europar
Geoparkeen Sarearen Koordinazio Batzordearen onespena jaso berri du. Honi
esker, Deba, Mutriku eta Zumaia biltzen dituen lurraldeak Europar Geoparkeen
Sarera eta Sare Globalera sartzea lortu du. Hala eman zen jakitera Greziako
Lesbos irlan egin zen Europar Geoparkeen 9. Konferentzian, iragan urriaren 1an.

Geogarapen-eko
kide dira Elkartearen sortzaile eta proiektuaren sustatzaile izan diren Deba,
Mutriku eta Zumaiako udalez gainera: Gipuzkoako Foru Aldundia, Debegesa
(Debabarrenako Garapen Ekonomikorako Elkartea), Aranzadi-Zientzia Elkartea,
Debemen (Debabarreneko Landa Garapeneko Elkartea), Unesco Etxea eta Urkome
(Urola Kostako Landa Garapeneko Elkartea). Partaide izateko bidean dira,
berriz, Eusko Jaurlaritza eta Urola Kostako Mankomunitatea.

Proiektuaren kudeaketa eta koordinaziorako, Elkarteak
Debegesarekin sinatu du lankidetza hitzarmena, eta Zuzendaritza Zientifikoa
Geosei enpresako Joan Poch geologoaren esku dago.

 

Aurkezpena EHUko irakasleen
eskutik

Ekitaldiaren
bigarren zatian, EHUko irakasle Xabier Orue-Etxebarria katedradunak eta Juan
Ignacio Bacetak aurkezpen txiki bat egingo dute “Euskal Kostaldeko ikerketa
geologikoen iragana, oraina eta etorkizuna” izenburupean.

Hain
zuzen, aurkezpen hau Geogarapen Elkartearen eta Euskal
Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza hitzarmenaren barruan kokatzen da.