Euskal Kostaldeko Geoparkearen webgune eta bisita programa berria

2011-05-17 Iruzkinik ez
  • Euskal Kostaldeko Geoparkeak webgune berria abian jarri
    du: www.geoparkea.com. Bertan, urte
    amaierara arte egin daitezkeen bisita gidatuen programa osoa aurkezten da eta
    webgunetik bertatik eros daitezke sarrerak.
  • Berrikuntza modura, kostaldeko Flyscharen Ibilbidean
    bisitak eskaintzeaz gain, Geoparkearen barnealdean ere bisitak egiteko aukera
    dago aurten, Karstaren
    Ibilbidean
    zehar.
  • Proposamen
    kultural
    interesgarriak ere eskaintzen ditu Euskal Kostaldeko Geoparkeak.

 

Abian da www.geoparkea.com web gune berria
eta bertan dagoeneko ikusgai dago urteko bisita programa eta lurraldean egin
eta ikus daitezkeen beste hainbat proposamenen inguruko informazioa: BTT
ibilbideak, mendi-ibilbideak, surfa, itsas irteerak, paintballa, zaldi
irteerak,  urpekaritza…

 

Euskal Kostaldeko
Geoparkeak gure planetaren iraganean eta ezkutatzen dituen misterioetan bidaia
zoragarri bat egiteko aukera eskaintzen digu, Flyscharen eta Karstaren Ibilbideetan
barrena. Naturaz eta tokiko kulturaz gozatzeko aukera paregabea da Geoparkea, baita
bertako tradizio zein gastronomia ezagutzeko ere.

 

Euskal Kostaldeko
Geoparkea 2010eko urriaz geroztik Europar Geoparkeen Sareko kide da eta
honenbestez, Euskadiko eta Kantauriar isurialdeko Geoparke bakarra. Zumaia,
Deba eta Mutrikuk osatzen duten eremu honek 90 km2 ditu.

 

Geoparkean bisitariak planetaren
historiaren 60 milioi urtetan barrena bidaiatzeko aukera ezin hobea du. Izan
ere, kostaldean, ondoz ondoko haitz geruzatan, orriz orri, planetaren liburu
zoragarrian barneratzeko parada dugu. Flyscharen
Ibilbidean
barrena, lurraren iraganaren inguruko sekretu eta enigma
interesgarriak deszifratu ahal izango ditugu. Horretarako, itsasontziz,
belaontziz, oinez, zaldiz, kayakez etab. egiteko hamaika aukera eskaintzen ditu
Geoparkearen bisita programak.

 

Kostaldeaz haratago,
sorpresaz beteriko eremua ere badu Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Karstaren Ibilbidea ezagutu nahi duenak,
proposamen interesgarriak topatuko ditu programan. Kostatik oso gertu, Arno
zein Izarraitzeko kareharrizko mendiguneek beste hainbat altxor ezkutatzen
dituzte. Karstaren ibilbidean murgilduz, lurralde honetako natura, enigma,
sekretu eta kondairak ezagutzeko parada izango da.

 

Euskal Kostaldeko
Geoparkea tokiko tradizioaz, kulturaz,
antzinako ogibideez, ohiturez, kondairez eta mitologiaz gozatzeko toki
paregabea ere bada. Kostaldean nahiz barnealdeko bailara gorde eta ezkutuetan
proposamen interesgarriak topatuko ditu bisitariak.

 

Geoparkeak bere ondare
geologikoa oinarri duten bi interpretazio zentro ere baditu, Algorri, Zumaiako
Natur Baliabideen Interpretazio Zentroa eta Nautilus, Mutrikuko Ikasgune Geologikoa. Kultura alorrean, Zumaiako Zuloaga
Museoa eta Mutrikuko Bentalekua itsas museoa ere oso gomendagarriak dira.

 

Datozen hilabeteetan
web gunea edukiz osatuko da eta bertan jasoko dira, besteak beste, Geoparkeko
hezkuntza eskaintza, lurraldearen informazio geologikoa, eduki kulturalak,
etab.

 

 

BISITA GIDATUAK

Flyscharen Ibilbidea,
kostaldean.

Karstaren Ibilbidea,
barnealdean.

Bisita kulturalak,
Zumaia, Deba eta Mutrikun.

www.geoparkea.com,
web gune berrian!