Eusko Jaurlaritzaren 2015eko Turismo Saria Mutrikuko Arbe Hotelarentzat
Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi ditu 2015eko Turismo Sariak. Horien artean, gure eskualdeko, Debabarreneko, alojamendu bat dago, Arbe Hotela. Berrikuntza Bultzatzeari Turismo Saria eskuratu du Mutrikuko Arbe Hotelak. Iñigo Urkullu lehendakariak urriaren 20an emango ditu sariak, saridunen lanaren balioa nabarmentzeko ekitaldi berezi batean.
Arbe Hotelaren hautagaitza Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak aurkeztu zuen.
2008an ireki zuten Arbe hotela Itziar Sukia eta Iñaki Arin senar-emazteek, eta ordutik hotelaren kudeaketaz arduratzen dira. Deba eta Mutrikuren artean kokatua, Euskal Kostaldeko Geoparkean, diseinu abangoardista duen hotel modernoa da, oso zaindua.
Hotelak 11 gela ditu, haietatik 10 bikoitz (geletako bat mugikortasun murriztua duten pertsonentzat guztiz prestatuta dago, eta beste bat banakoek erabiltzeko), bai eta junior suite bat ere. Eta hori guztia berrikuntzaren aldeko apustuarekin bat eginez.
Saria ematerako orduan, hurrengo arrazoi hauek nabarmendu nahi izan dituzte, besteak beste:
- Geotermia bidezko airea girotzeko instalazioa
- Energia modu eraginkorrean kudeatzea
- Hatz-markazko sarraila
- Pintura ekologikoa
- Natura-baliabideen aprobetxamendua
- Kare-kontrako sistema
- Garbigarri ekologikoak
- Gosaltzeko produktu ekologikoak
Halaber, teknologia berrietan oinarritutako tresnak erabiltzea ere kontuan hartu dituzte, bai web orrialdea (www.hotelarbe.com) baita sare sozialen erabilera ere, Twitter (@hotelarbe) eta Facebook (facebook.com/HotelArbe).
Arbe Hotelarekin batera, beste saridunak izan dira Donostiako Jazzaldia, Lehiakortasunaren atalean, eta Matilde Elexpuru, TISA SA enpresaren zuzendari nagusia, Ibilbide Profesionalaren atalean.