Finantzazio-bide alternatiboen gaineko jardunaldia ‘Ostiralak Debegesan’
Aste Santuko oporraldiaren ostean, Debegesa garapen agentziak berriz ekingo dio ‘Ostiralak Debegesan’ ekimenari. “Enpresa proiektuentzako finantzaketa ez bankarioa” izenburupean, jardunaldia eskainiko du datorren ostiralean, apirilak 20, eskualdeko enpresetako gerente eta oro har finantzaketa baliabideen arduradunei zuzenduta. Bertan enpresa proiektuentzako finantzazio-bide alternatiboen berri emango da. Halaber, kasu praktiko bat azalduko dute, Guascor enpresa gipuzkoarrarena.
Jardunaldia Valora programaren baitan kokatzen da eta Europako Gizarte Funtsak %50ean finantzatua dago, Euskadiko 2007-2013 programa operatiboaren bitartez.
Goizeko 9:00etatik 11:00etara egingo da jardunaldia Debegesak Eibarko Azitain industrialdean duen egoitzan eta izen-ematea doakoa da.
Parte hartu nahi dutenek, izena eman dezakete on-line www.debegesa.com web orrian, 943 82 01 10 telefonora deituz edota pymes@debegesa.com helbidera idatziz.