Gaitasun komertzialak garatzeko ikastaroa antolatu du Eibarko Udalak, DEBEGESArekin elkarlanean

2017-03-03 Iruzkinik ez

Eibarko Udalak eta Debegesak langabeentzako “Saltzaile gaitasuna garatzen” ikastaroa antolatu dute, Enpresen Administrazioa eta Humanitate ikasketak dituztenei zuzenduta (LH eta unibertsitatea). Helburua da salmenta-prozesuak kudeatzen ikastea, baita enplegua bilatzeko gaitasuna garatzea ere.

Ikastaroko tokien %60 emakumeentzat gorde dira. Horren arrazoia da Eibarren 215 emakume inguru daudela langabezia egoeran aipatutako profilarekin.

Izena emateko epea irekita dago, martxoaren 22ra arte. Interesdunek Pegorara jo behar dute, bertan informazioa jaso eta eskabideak bideratzeko.

Ikastaroan honako esparruak landuko dira: saltzaile gaitasuna, IKTen erabilera salmentak kudeatzeko (sare sozialak eta marketing digitala) eta coaching programa bat. Eta hauek izango dira edukiak: salmenten kudeaketaren hastapenak, salmenta-plana, egungo enpresetan dauden salmenta-erronkak, saltzailearen gaitasunak, komunikazio-gaitasunak eta aurkezpen eraginkorrak.

Izena eman ahal izateko gutxieneko baldintzak bete behar dira: langabezia egoeran egotea, erdi-mailako edo goi-mailako lanbide heziketa edo unibertsitate ikasketak edukitzea enpresa-kudeaketan edo humanitateetan espezializatua, Eibarren erroldatuta egotea eta gazteleraz ondo moldatzea, ahoz zein idatziz.