Gemma Agirregomezkortak jaso du aurtengo Gure Balioak saria
GURE BALIOAK sariaren bigarren edizioan, Gemma
Agirregomezkorta elgoibartarrak jaso du errekonozimendua laguntza sozialaren
alorrean egindako lan eskuzabal eta handiarengatik. Sariaren banaketa ekitaldia
atzo egin da Ermuko Lobiano Jauregian. 80 pertsona inguru batu ziren bertan,
haien artean Ermuko alkate Carlos Totorika eta Elgoibarko alkate Alfredo
Etxeberria.
Epaimahaiak nabarmendu zuenez, “iniziatiba,
solidaritatea, zintzotasuna, esfortzua, konstantzia eta besteenganako zein
euren kulturarekiko errespetua” dira Gemmaren ezaugarri nagusiak. “Gurpildun
aulkian egon arren, Gemma oso pertsona ekintzailea da, zintzoa eta solidarioa.
Oso gaztetan hasi zen orotariko elkarte eta taldeekin lanean, elbarrituen elkarteak,
emakumeen elkarteak edota HIESAk jotako gaixoen eta drogamenpekotasunaren
prebentziorako taldeetan”.
Ekitaldiaren unerik hunkigarriena saria
emateko momentua izan zen. Tere Gantxegiren eskutik jaso zuen Gemma
Agirregomezkortak Gure Balioak 2011 errekonozimendua, hunkiturik. Tere Gantxegi
izan zen iaz sari hau bera jaso zuena, bere lehen edizioan. Terek esker oneko
hitzak izan zituen Gemmarentzat.
Gemmak ilusioz eta pozez jaso zuen saria,
batez ere, Tereren eskutik jasotzeagatik. Peruko herritarrak izan zituen
bereziki gogoan, Miski elkartearen lana gogora ekarriz. Amaitzeko,
elgoibartarrei eskerrak eman zizkien eta quechua hizkuntzan bukatu zuen “Gora
Elgoibar” esanez.
Une hunkigarri hauez gainera, irribarreak ere
ez ziren falta izan Lobianon. Markos eta Juan Manolo Ermuko aktoreen
ikuskizunak umorez josi zuen ekitaldia.
Gema
Agirregomezkortaren biografia laburra
Agirregomezkortari 12 urterekin distrofia
muskularra diagnostikatu zioten eta gurpildun aulkian dago ordutik.
Bere ibilbidean lan mardula burutu du
elbarrien gizarteratze eta laneratzearen alde eta 1985ean Elgoibarko Izpi
lantegiaren sorreran lagundu zuen. Ermuko, Eibarko, Elgoibarko zin beste
herrietako elbarrituei zuzendutako lantegia da Izpi.
2001ean, Miski elkartea sortu zuen
elgoibartarrak. Perun Cuzco zonaldeko komunitateei laguntzea da elkarte honen
helburu nagusia, bertako haurren eta, batez ere, neskatilen eskolaratzea
bultzatuz. Bere ekimenez bideratutako laguntzari esker 600 bat ume eskolatu
dira dagoeneko.