“Gure Balioak” 2024 Sarietarako hautagaitzak bidaltzeko epea ireki da
- 2024ko urriaren 11 izango da hautagaitzak bidaltzeko azkeneko eguna.
- Aurten, berrikuntza gisa, “Bizi osoko ibilbidea” kategoriaz gain, beste bi iniziatiba ere sarituko dira: “Gazte ekimena” eta “Gizarte ekimena”
- “Gazte ekimena” eta “Gizarte ekimena” kategoriako irabazleek 2.000€ko saria jasoko dute eskudirutan Laboral Kutxa eta Orbea enpresen laguntzari esker.
Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziak antolatzen dituen “Gure Balioak” Sariak bueltan dira berriz. Bi urtetik behin antolatu ohi diren arren, azken edizioa 2019an egin zen, izan ere, pandemiak behartuta ezin baitziren, ohiko prozedura jarraituz, egokitzen ziren urteetan gauzatu. Alabaina, oraingo honetan dena prest dago urtea amaitu baino lehen edizio berri bati ekiteko.
Horretarako, aurreneko pausoa hautagaitzak biltzea izango da. Sarietan parte hartu nahi duen edota hautagai izan daitekeen norbait ezagutzen duen edonork gaurtik hasita jada aurkez dezake interesatzen zaion proposamena. Aurten, berrikuntza gisa, hiru kategoria izango dira lehenengo aldiz. “Bizitza osoko ibilbidea” kategoriari “Gazte ekimena” eta “Gizarte ekimena” gehituko zaizkio. Lehenengoari kategorian, orain arte bezala, pertsona batek bere bizitzan zehar ordezkatu dituen gizarte-balioak (integritatea, errespetua, ekintzailetza eta lankidetza) saritu edo aitortu nahi dira.
Azken batean, sariaren helburua, eskualdean aipatutako balioetako bat ordezkatu duen pertsona baten ibilbidea ezagutzera emanez, Debabarrenean gizarte-balioak sustatzea eta herritarrengan eta gizarte-eragileengan haien egoerari eta premiari buruzko hausnarketa-prozesu bat sortzea da. Sariaren irabazleak Oihane Ortega artistaren “Muin-fluxua” obra jasoko du. Sari honen banaketa egin ahal izateko, Laboral Kutxak parte hartu du babesle gisa.
Berrikuntzak: “Gazte ekimena” eta “Gizarte ekimena”
Betiko kategoriaz gain, Debabarrenarekin lotura duten bestelako ekimenak ere saritu nahi dira aldi honetan. “Gazte ekimena” sariak, Laborak Kutxak babestua hori ere, Debabarrenean enpresa-proiektuak garatu dituzten gazte ekintzaileak aintzat hartzea eta babestea du xede.
Aldiz, “Gizarte ekimena” kategoriarekin 2024an gizartean eragin positibo esanguratsua izan duten elkartasun-helburuekin proiektu berritzaile eta iraunkorrak garatu dituzten edo garatzen ari diren gizarte-erakundeak aitortu eta lagundu nahi dira. Azken kategoria hau Orbearen babesletzari esker gauzatu da. “Gazte ekimena” eta “Gizarte ekimena” kategoriako irabazleek 2.000€ko saria jasoko dute eskudirutan Orbea eta Laborak Kutxa enpresen laguntzari esker.
Hautagaitza guztiak Debegesako web orrian eskura dagoen formularioa eta kasu bakoitzean eskatzen diren betekizunak betez aurkeztu beharko dira, gaurtik hasita urriaren 11 bitarte (biak barne). Nolanahi ere, arazo edota zalantzaren bat izanez gero, marketing@debegesa.eus helbidera idatziz edota 943 820 110 telefonora deituz argitu ahal izango dira.