Gure Balioak ekimenak balioen transmisioa du aztergai

2012-01-17 Iruzkinik ez

DEBEGESA garapen agentziak, Debabarreneko eskualdean ekintzailetasuna, errespetua, lankidetza-elkarlana eta integritatea bultzatzea xede duen Gure Balioak ekimenaren baitan, hezkuntza komunitateari zuzendutako hausnarketa-foroak jarri ditu abian.

Gizarte-balioen transmisioaz hausnartzea dute helburu foro hauek, konkretuki, hezkuntza komunitateak, komunikabideak barne, gizarte balioen transmisore gisa jokatzen duen eginkizunaz eta haur eta gazteengan duen eraginaz.

Eztabaida foro hauen bidez, kolektibo bakoitzak lau balioak transmititzerako orduan aurkitzen dituen zailtasunak, ahuleziak eta beharrizanak identifikatu nahi dira, konponbidea jarri ahal izateko. Era berean, Debabarreneko hezkuntza komunitateko parte diren agente ezberdinen artean lankidetza sare bat osatu nahi da.

Dagoeneko hainbat bilera burutu dira, eskola kontseiluetako Udaletako ordezkariekin, guraso eta eskualdeko gurasoen elkarteetako ordezkariekin, Debabarreneko Esperientzia Eskolako ikasleekin, eskualdeko kirol elkarteetako ordezkariekin, eskualdeko aisialdi taldeetako ordezkariekin eta eskualdeko komunikabideekin.

Bilera hauetan guztietan eztabaida aberasgarria sortu da eta hainbat proposamen aurkeztu dira, hala nola, hezkuntza arloko agente guztiek osatutako udal foroen sorrera, eskolako kirol esparruan “praktika onen dekalogoa” burutzea, aukera politiko desberdinen artean errespetua eta elkarlana bultzatzea, gizartean gizabidezko jokaera eta boluntario-lana indartzea, etabr.

Azkenik, otsailean, bilera orokor egingo da proposamen guztien arteko bateratze-lana egin eta lehentasunak ezartzeko.

Hausnarketa foro hauen guztien emaitzak www.gurebalioak.com web gunearen bitartez zabalduko dira. Edonork du kontsulta egiteko aukera web guneko “Balioen Txokoa” izeneko blogaren atalean.