Gure Balioak Sariak jaso dituzte Kontxa Laspiurrek, Nagusilanek eta WELLK-ek Coliseo antzokian egindako ekitaldian
- 33 urte luzez AEK-ko irakasle eta bultzatzaile izan den Kontxa Laspiurrek jaso zuen 11. edizioko Gure Balioak Saria, Eibarko Coliseo Antzokian egindako ekitaldian.
- “Gazte ekimena” eta “gizarte ekimena” kategoriako irabazleak WELLK eta Nagusilan Elkartea izan ziren, hurrenez hurren.
Kontxa Laspiur Zabala euskara-irakasle ohiak, WELLK enpresak eta Nagusilan elkarteak jaso zituzten atzo Gure Balioak Sariak, bakoitzak egokitzen zitzaion kategorian. Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziak eskualdeko Udalekin lankidetzan antolatzen ditu sariak, eta pandemiaren osteko etenaldia atzean utziz, aurten berriz heldu zaio bi urtetik behin sariak antolatzeko ohiturari. Atzoko entregarekin, horrela bada, amaiera eman zitzaion 11. edizioari.
Sari-emate ekitaldia Eibarko Coliseo antzokian egin zen, eta saridunen senitarteko, lagun eta herritar ugari bildu ziren bertan. Ekitaldiaren irekiera Ana Telleriak, Eibarko lehen alkateordeak egin zuen, Eibarko Kaxa Dantza Eskolako ikasleen emanaldi baten ostean. Banaketan zehar dantzarien ikuskizun gehiagoz gozatu ahal izan zuten bertaratutako guztiek.
Protagonistei dagokienez, Kontxa Laspiur Zabala izan da aurtengo “bizitza osoko ibilbidea” kategoriako irabazlea. Sarien sorreratik existitu den kategoria honen helburua pertsona bat bere bizitzan edo ibilbidean zehar eskualdeko gizarte-balioak ordezkatzeagatik saritzea eta aitortzea da, zehazki, Debabarrenean bertakotzat eta bereizgarri jotzen diren gizarte-balioak: integritatea eta errespetua, berrikuntza, solidaritatea eta lankidetza, eta ekintzailetza. Honako edizio honetan, 33 urte luzez AEK-ko irakasle eta bultzatzailea izan den eta egun gutxi barru 100 urte beteko dituen Kontxa Laspiur Zabala saritzea erabaki du epaimahaiak. Laspiurrek, aipatutako Debabarreneko gizarte-balioak ordezkatzeaz gain, gainditze espirituaren, entregaren, solidaritatearen eta erresilientziaren balioak ere ordezkatu ditu Debabarreneko gizartea euskaldun bilakatzeko lanetan, bai bere ibilbide profesional zehar, baita pertsonalean zehar ere. Laspiur bera, bere familia lekuko zela, igo zen oholtzara saria jasotzera. Oso pozik eta hunkituta zegoela adierazi zuen irabazleak eta esker onak eman zituen: “Nik oso gustura egin dut lan euskararen alde. Nahi dudan gauza bakarra euskara salbatzea da. Denon esku dago euskaraz hitz egitea. Gora euskara!”.
Entregatutako sariari dagokionez, Oihane Ortegaren, Atipikka Future Design Studioko artistaren, “Muin-fluxua” izeneko artelana jaso zuen Laspiurrek. Sariaren ekoizpena Laboral Kutxak babestua izan da.
Bestalde, edizioro banatu izan den aipatutako sariaz gain, lehenengo aldiz ”gazte ekimena” eta “gizarte ekimena” kategorietakoak ere banatu ziren. Lehenengoari dagokionez, helburua Debabarrenean enpresa-proiektuak garatu dituzten gazte ekintzaileak aintzat hartu eta babestea da. Horrela bada, aurtengo eta lehenengo irabazlea, WELLK enpresa izan da. Eibarren bertan kokatuta dagoen enpresa hau jarduera fisikoa sustatzeko teknologia aktiboa sortzeaz arduratzen da. Bertako kideek 2.000€-ko saria jaso zuten, hau ere Laboral Kutxak babestuta. Aritz Guinea zuzendari eta sortzaileak horrelako sariak jasotzea “beti pozgarria” dela azaldu zuen, eta “oso albiste ona dela, saria jasotzeaz gain, proiektuari ikusgarritasuna ematen diotelako”.
Hirugarren eta azken kategoriako saria, “gizarte-ekimena” kategoriakoa, hau ere lehenengo aldiz banatua, Nagusilan irabazi-asmorik gabeko elkarteak eraman zuen. Elkarteak nahi gabeko bakardadearen arazoari aurre egiteko proiektuak lantzen ditu. Epaimahaiak proiektu horien talde-hartzaileen zaurgarritasuna eta elkarteak duen boluntario kopuru handia baloratu zituen saria emateko orduan. Horrela bada, Orbea enpresak lagundutako 2.000€-ko saria jaso zuen Nagusilanek bere proiektuetan inbertitzeko. Joserra Ecenarro Nagusilaneko presidentearen horrelaxe mintzatu zen oholtzara igo zenean: “ohore handia da saria jasotzea. Egunerokotasunean gure lanean murgilduta gaudenez, mundu guztia nahi gabeko bakardadearen arazoaz jabe dela uste dugu, baina ez da horrela, eta sari hau jasotzeak, gure lana egiten laguntzeaz gain, ikusgarritasuna emateko balio izango du”.
Ekitaldiaren baitan, irabazleei buruzko bideoak ikusi ahal izan ziren beraiek ezagutu eta beren proiektuen nondik norakoen berri hobeto jakiteko. Bideoak ikusgai izango dira Debegesaren webgunean.