Gure Balioak Sarian irabazleari ematen zaion sari fisikoa berritzeko artistei zuzendutako deialdia ireki du Debegesak
“Bizitza osoko ibilbidea” kategorian ematen den sari fisikoa aldatuko da aurten. Horretarako, Debegesak, eskualdeko artistei deialdia egiten die euren piezak aurkeztu ditzaten.
Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, bi urtetik behin sustatzen eta antolatzen dituen sariak dira Gure Balioak. Orain arte, eskualdean gizarte-balioen sustapenean nabarmendu den pertsona edo entitatea saritu eta aitortu izan du publikoki, jasangarritasunaren eta ingurumenaren ikuspegitik ez ezik, baita ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik ere. Alabaina, aurten lehenengo aldiz, hiru kategoria sarituko dira: bizitza osoko ibilbidearena, proiektu sozialarena eta gizarte ekimenarena.
Hain zuzen ere, lehenengo kategorian, bizitza osoko ibilbidean, irabazleari ematen zaion sari fisikoa aldatuko da datorren edizioan, eta, horregatik, sorkuntza artistikoak aurkezteko deialdia ireki du eskualdekoak diren nahiz hemen lan egiten duten artistentzat. Interesa dutenek formulario hau bete behar dute egingo duten piezaren diseinuaren bozetoa edota ideiarekin batera. Debegesaren orrialdean adierazita daude lanak aurkezteko bete beharreko irizpideak, baita nola puntuatuko diren ere. Maiatzaren 24a arte egongo da irekita hautagaitzak bidaltzeko aukera. Data horretarako nahikoa da lanaren zirriborroa edo diseinua soilik eginda izatea.
Gure Balioak Saria
Gure Balioak Sarien helburua Debabarrenean garapen iraunkorra sortzeko beharrezkoak diren eta bertako herritarrek berezko moduan identifikatzen dituzten eskualdeko gizarte-balioak indartzea da. Honako hauek dira sariek indartu eta aitortu nahi dituzten funtsezko balioak: integritatea, errespetua, ekintzailetza eta lankidetza. Balioak ukiezinak diren elementu estrategiko eta beharrezkotzat jotzen dira, Debabarreneko gaur egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko.
Sarien hurrengo edizioa, hamaikagarrena zehazki, udazkenean izango da. Aurrerako Debegesak deialdia zabalduko du hiru kategorietan entitate, erakunde edo pertsona fisikoak hautagaitzak bidaltzeko.