Harrera bikaina izan du Debabarreneko Tripontziak ekimen gastronomikoaren bosgarren edizioak
Tripontziak ekimen gastronomikoaren bosgarren edizioa azaroaren 9tik 25era burutu da Debabarrenean, Debegesa Garapen Agentziaren eta Debabarreneko Klub Gastronomikoaren ekimenez. Aurten ere parte-hartze handia izan du ekimenak eta, guztira, 1.545 menu eskaini dira, iaz baino ia 300 gehiago. Balorazio positiboa egin dute antolatzaileek.
Aurtengoan hiru jatetxe gehiago batu dira ekimenera eta bederatzi izan dira guztira Tripontziak menu bereziak eskaini dituzten jatetxeak: Azitain Erretegia, Belaustegi, Bordatxo, Hostal Itziar, Kanala, Lasturko Taberna, Mendiola, Pikua eta Urgain. Denak dira Debabarrena Turismoren kolaboratzaileak.
Helburu nagusi hauek ditu ekimenak: bertako eta garaian garaiko produktuen kontsumoa sustatzea, eskualdeko ostalaritza sektoreari bultzada ematea eta Debabarreneko establezimendu gastronomikoak zein bertako produktuak balioan jartzea. Honela, bertako nekazari eta ekoizleen lehengaiekin prestatutako platerak dastatzeko aukera izan da. Produktu horien artean egon dira, besteak beste, inguruko baserritarren barazkiak, geure kostaldeko arrain freskoa edota Mendaroko txokolatea.
Aldi berean, azaroaren 9tik 25era bitartean, Twitterren, Instagramen eta Facebooken, Debabarrena Turismoren profilen bitartez, lehiaketak egin dira herritarren parte-hartzea sustatu eta saritzeko helburuarekin. Sari ugari zozkatu dira: Tripontziak egonaldi bat (ostatu-gau bat eta gosaria, bi pertsonarentzat, Debabarreneko ostatu batean, eta Tripontziak menu bat bi pertsonarentzat); Tripontziak menuak bi pertsonarentzat, eta Mendaroko Txokolate-sorta ederrak.
Sari nagusia, Tripontziak egonaldia, Ander Ugarte azpeitiarrarentzat izan da.